CAF enpresa beasaindarrak Jerusalemen eraiki behar duen trenaren aurka manifestatuko dira Gasteizen
Azaroaren 28an manifestazio nazional batek zeharkatuko ditu Gasteizko kaleak. CAF enpresak eraiki behar duen tren proiektuak Israelek okupatutako Palestinan ezarritako legez kanpoko koloniak Jerusalemgo hirigunearekin lotuko ditu.
2019ko abuztuan, Israelgo Finantza Ministerioak, Beasaingo CAF enpresari eta Shapir eraikuntza-enpresari eman zien Jerusalengo tren sarea hedatzeko obren esleipena. 1.800 milioi dolarreko kontratua da Jerusalemgo tren arina (JTA) deitutako proiektuarena eta obrak martxan dira dagoeneko.
BDZ mugimenduak bultzatuta CAFek proiektuan duen parte hartzea gelditzeko kanpaina abiatu zuten urte hasieran Euskal Herriko hainbat eragilek. Ugariak dira proiektuaren aurka altxatu diren ahotsak. Izan ere, lurralde okupatuan eraikitako kolonia israeldarrak gerra krimentzat jotzen ditu nazioarteko zuzenbideak; legez kanpoko kolonia hauek Jerusalemgo hirigunearekin lotzea du helburu CAF enpresak eraiki behar duen tren sarea.
Azaroak 28, manifestazio nazionala Gasteizen
Azken hilabetetan hainbat protesta eta ekimen burutu dira CAF enpresa beasaindarrak proiektuan duen parte hartzearen aurka. Mundu osoko milaka pertsonek eta ehunka elkartek egin dute bat “CAF jaitsi zaitez Israelgo apartheidaren trenetik” kanpainarekin.
Kanpainaren sustatzaileek bultzada berri bat eman nahi diote dinamikari eta horretarako manifestazio nazionala deitu dute Gasteizen datorren azaroaren 28rako. “Proiektu honen ezkutuko asmoa legez kanpoko koloniak indartzea eta Israelek okupaturiko palestinar lurren bereganatze etengabea ahalbidetzea da” azaldu dute manifestazioaren deitzaileek.
🔺KANPAINA🔻Gaurtik eta azaroaren 28ra arte, CAF empresa euskalduna Israelek ilegalki okupatzen dituen lurraldeetan egiten ari den tranbia errailetatik ateratzen saiatuko den kanpaina martxan da!
✌🏼🇵🇸✊🏼🇵🇸✊🏼🇵🇸✊🏼🇵🇸✌🏼 pic.twitter.com/PRzJI23tSw
— Eau de CAF (@EauDeCaf) October 13, 2020
“Tranbia honi kolonia kiratsa dario”
Gasteizko BDZ eta Hala Bedik, CAF enpresak Jerusalengo tranbia berria eraikitzeko lortutako esleipena ardatz duen “Tranbia honi kolonia kiratsa dario” dokumentala ekoiztu zuten elkarlanean.
Dokumentalak itzal handiko pertsonen testigantzak jaso ditu hiru galderaren bueltan: Zergatik da ilegala Jerusalengo tranbiaren proiektua?, Nola eragingo die palestinarren bizi baldintzei? eta Nola eragingo lieke, aurrera aterako balitz, CAF enpresari eta hango langileei?
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!