Bonbardaketa eta errefuxiatuak Otxandioko mural berriko irudian
Otxandioko sarreran dagoen eraikin bateko horma oso bat hartzen du udalak egindako mural berri batek. ‘Ongi etorri’ goiburuaren azpian irudi bi ageri dira. Zuri beltzekoak gerra zibilaren eta bonbardaketaren ondorioz Otxandio ebakuatu zuten unea jasotzen du. Koloretako irudia gaur egungoa da eta Europako herri batean Siriako errefuxiatuak besarkada bategaz hartzen ikusi daitezke bertakoak.
Gerretako biktima zibilak gogoratzea eta “Otxandion ongietorriak” direla adieraztea da mural berriaren helburua, Urtzi Armendariz alkatearen esanetan. “Gerrak ezin ditugu eragotzi, baina gerrako biktimei ongietorria ematea eta bizitza duin bat izan dezaten laguntzea, hori bada gure esku dagoen zerbait. Bere momentuan otxandiarrak beste toki batzuetan ongietorriak izan ziren moduan, orain errefuxiatuak gure herrian ongietorriak izango direla adierazi gura dugu”, azaldu du Armendarizek.
Otxandiok bonbardaketa bat jasan zuen 1936an, eta herritar askok ihes egin beharra izan zuten. Uztailaren 22an, jaien barruan, urtero gogoratzen dituzte bonbardaketan hildakoak eta biktima izandako guztiak. Ildo horretatik, mural berria “Andikonako ekitaldiagaz lotuta egin dezakegun omenaldirik onena da”, Armendariz alkatearen ustez.
Andikonako aurtengo ekitaldia gaur izango da, 13:00etan, bonbardaketa gertatu zen egunean. Sarraski hartako hildakoei lore eskaintza bat egingo diete. Ondoren, koruak eta Otxandioko Bandak abesti batzuk kantatuko dituzte, eta Andikonako Foroko kideek testu bat irakurriko dute.
Eskolan lantzeko materiala
Gerra zibilak eta bonbardaketak Otxandion izan zuten eraginaren inguruko material didaktikoa prestatzen ari da udala. Material hori irailean hasten den ikasturterako prest izatea da asmoa, eta ordutik aurrera Otxandioko eskolako gaztetxoek lantzea. Unitate didaktiko hori lantzen ibili den arduradunetako bat presente egongo da domekako ekitaldian.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!