Bizilagunak Araba 2019 edizioan izena emateko epea ireki dute
Azaroaren 11n ospatuko da 2018.urteko Bizilagunak Araba eta izena emateko formularioa eskuragarri dago jada. Aurreko urtean, 44 herrialde ezberdinetako 1.000 lagun baino gehiago bildu ziren 93 txoko eta etxe ezberdinetan.
Aurreko urteetako esperientzia arrakastatsuetatik tiraka, aurten ere Bizilagunak Araba ospatuko dute herrialdean. Horretarako aukeratu duten data azaroaren 11 da, igandea. Egun horretan, etorkin, errefuxiatu eta bertako familiak bazkaltzeko elkartuko dira, Euskal Herriko, Europako eta munduko herri eta hirietako beste hainbat etxeetan ekimen berdina egiten egongo diren bitartean.
Aurtengo edizioko erronketako bat, aurreko urteko kopurua gainditzea izango da. Izan ere, oso arrakastatsua izan zen 2017ko edizioa: guztira, 44 herrialdetako mila lagun baino gehiago 93 etxe eta txokotan elkartu ziren bazkaltzeko.
Funtzionamendua oso erraza da. Bazkari bakoitzean, bi familiaz gain, dinamizatzaile batek hartuko du parte, antolaketan laguntzeko. Familia kontzeptua modu zabalean ulertzea nahi dute antolatzaileek: ama bakarrak; emakumez, gizonez edo emakume eta gizonez osatutako bikoteak, seme-alabekin edo gabe; pisukideak; bakarrik bizi diren pertsonak, amamak beraien ilobekin; lagun taldeak…
Kultura ezberdinen arteko pertsonen artean murgiltzeko aukera
“Asko gara kultura ezberdinetako pertsonak ezagutzeko gogoak ditugunok, baina askotan, aukerak topatzea zaila egiten zaigu”, azpimarratu dute ekimeneko sustatzaileek. Elkar ezagutzeko aukerak eskaintzeko asmoarekin, gonbidapen hau luzatu diote herritargoari kultura ezberdinen arteko pertsonen artean murgiltzeko eta elkarbizitza sustatzeko. Gainera, harremanak eta kontaktu berriak egitea erraztu izan da aurreko edizioetan, “loturak sortuz Gasteizen bizitzea erabaki dugun onartean, gure jatorria edozein izanda: ‘hemengoa’, etorkina edo errefuxiatua”.
Bazkarian izena emateko formularioa betetzeko aukera dago jada eta telefono-zenbaki bat jarri dute martxan zalantzak argitze aldera: 688 812 944.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!