Bizi-toki erakusketa kolektiboa ikusgai ostegunetik aurrera Oihanederren
Abenduaren 14an, osteguna, inauguratuko dute 19:00etan, performance eta ekitaldi batekin. Etxea, bizitokia, jabetza eta lurraldetasunari buruz hausnarketa piztu nahi du proiektuak, besteak beste.
Abenduaren 14an, osteguna, inauguratuko da erakusketa artistikoa eta urtarrilaren 28ra arte izango da Oihanederren ikusgai. Proiektuak Bizi- Toki. Lurraldea, bizitza, jabetza, komunitatea dauka izena, eta etxebizitza auziaren inguruan eraiki den arte erakusketa kolektiboa da. Amagoia Murua eta Shu Oterok koordinatu dute eta hainbat artistak hartu dute parte: Sofia Velasco, Lola Arrayanne, Styles Osunde, Lluvia Guevara, Garaion Sorgingunea, Mel Arranz Bombín, Ritha Thende Mingomba, Amaiur Macías, Petra Muguruza, eta baita Haaly Pular elkarteak ere.
Erakusketa-proposamena osatzeko, dokumental bat, hitzaldi bat eta konferentzia bat ere emango dituzte. Ostiralean, abenduaren 22an, 18:30ean, etxebizitzaren inguruko baliabideen gida aurkeztuko du Soumaya Eddimokrati kolaboratzaileak. Horrez gain, Ortuño aretoan dokumental bat proiektatuko da urtarrilaren 25ean, ostegunean, eta, ondoren, Gineako Pular herrietako hustuketen arazoari buruzko hitzaldia izango da. 18:30ean izango da. Eta asteazkenean, otsailaren 21ean, arratsaldeko 18:30ean, Moussa Yero Bah kazetari eta emakume eta nesken giza eskubideen defendatzailea izango da, konferentzia batean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!