Bilgune Feministak antolatutako Gasteizko ‘Ostegun Feministak’ bueltan dira
2017an Euskal Herriko Bilgune Feministak 15 urte bete zituen. Aitzaki horrekin, ‘Ostegun Feministak’ antolatu zituen Gasteizko taldeak, egitarau hitzaldi, mahainguru edo tailer ezberdinekin hilabetero. Esperientzia positibo honen ostean, 2018an aurreko urteko planteamendua errepikatuko du eragile feministak.
Ikasturte honetarako gonbidatuak eta egitarau oparoa ere dute prest: ‘Iruditegi Feminista’ tailerra, ‘Terra de Ningú’ libururaren aurkezpena, ‘Emakumeak oholtza gainean’ mahaingurua, ‘militantzia, bizitza eta denboraren’ inguruko hausnarketa kolektiborako tailerra, herri kirol feministak eta ’50 aldiz errebelde’ proiektuaren aurkezpena, besteak beste.
Hitzordu guztietan umeen txokoa antolatuko dute eta horretarako haiekin harremanetan jarri behar da ehbfaraba@hotmail.com helbidera abisatuz.
Lehenengo hitzordua, urtarrilaren 18an izango da, 18:30ean Landatxo Gizarte Etxean. Lolita Chavez ezagutu eta berarekin solasteko aukera izango da orduan.
Lolita Chavez, aktibista feminista komunitarioa, lurraldeak eta gorputzak defendatzeagatik, Guatemalako estatutik irten behar izan du, auzi juridiko eta kartzela eskaerak dituela atzetik. Edonola ere, Lolitak elkartasuna barik, herrien arteko elkarrekikotasuna aldarrikatzen du.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!