Berriro gelditu dute ekoizpena Mercedesen, bederatzigarren greba egunean
Aurreakordioa astelehenean bozkatuko dute langileek. Bozketa prozesuaren antolaketa zuzendaritzaren esku egon dela eta "berme demokratikoak" betetzen ez direla salatu zuten ELA, LAB eta ESK-k.
Bederatzigarren greba eguna izan dute gaur Mercedesen, %95eko jarraipena. Aste honetan hiru egunez jarraian izan dute produkzioa geldirik langileek, asanbladan erabaki ostean aurreakordioa ez onartzea eta greba deialdiak mantentzea.
UGT eta CCOO sindikatuek sinatu dute aurreakordioa zuzendaritzarekin, ez ordea ESK, ELA eta LAB sindikatuek. Astelehenean erreferendumean bozkatuko dute langileek aurreakordioa. Atzo, osteguna, publiko egindako ohar batean, baina, aurreakordioa babestu ez duten sindikatuek salatu dute prozesuak ez duela berme demokratikorik: zuzendaritzak antolatu du kontsulta, sindikatuei ez zaizkie erroldak eskura jarri eta zuzendaritzak berak kudeatutako aplikazio baten bidez emango da botoa.
Gauzak horrela, LAB, ESK eta ELA sindikatuek azaldu dute “ahal duten guztia” egingo dutela bozketa garbia izan dadin eta ezezko botoa ematera joateko dei egin diete langileei.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!