Batera ospatuko dute Orbeko Etxeak eta Laudioko Gaztetxeak euren 18. urteurrena
Hamar eguneko egitaraua prestatu dute bi eragileek, hainbat motako ekintzekin. through Aiaraldea.eus
Orbeko Etxeak eta Laudioko Gaztetxeak indarrak batu dituzte euren 18. urteurrena elkarrekin ospatzeko. Ekaineko bigarren hamabostaldian egingo dituzte ekintza guztiak, hamar egunetan zehar.
Ekainaren 15ean -larunbata- hasiko da egitaraua. 9:00etan mendi ibilaldia egingo dute Herriko plazatik abiatuta, Orbeko Mendi Taldearen eskutik. Arratsaldeko lauretan, aldiz, hitzaldia egongo da Orbekon, abuztuan Biarritzen egingo den G7ko bilkurari buruz. Kontzertuak eskainiko dituzte jarraian, Piketa, Sons of Decay, Ballard, Titadine, Urgull, Puro Odio, Ras eta Reyerta Triamesen eskutik.
Ekainaren 18an, aldiz, El Salto hedabidearen aurkezpena egingo dute baserri okupatuan, 19:00etan. Hurrengo egunean kontzertuak izango dira toki berean. Frantziako Seours Froides eta Bilboko Lodor taldeak arituko dira oholtza gainean.
Ostiralean -ekainak 21- animalien askapenerako mugimenduak hartuko du protagonismoa. Gurean dokumentala proiektatuko dute 19:00etan, eta Nor talde antiespezistaren hitzaldia eta askaria egongo da jarraian gaztetxean. Afaria eta udako solstizioa ospatzeko sua prestatuko dituzte gero Orbekon, egunari amaiera emateko.
Larunbata ere “hitzaldi+kontzertuak” formatuko eguna izango da. Punk eszenako emakumeei buruzko solasaldia lotu dute 16:00etan, eta Punk Sailor, Neura, Hairesis eta Reiz taldeen kontzertuak 21:00etan.
Umeen eguna
Igandea -ekainak 23- umeei bideratutako eguna izango da. Graffiti eta serigrafia tailerrak eta hainbat jolas egokituko dira Orbekon. Hurrengo egunean, aldiz, DDT banaketa zigiluari buruzko hitzaldia egongo da baserrian.
Jedi Galaktikoa
Ekainaren 27 eta 28an Jedi Galaktikoa jaialdiaren VII. edizioa egingo dute. Star Wars sagaren zaleek eginiko hainbat filma proiektatuko dituzte bertan. Ekaineko azken larunbatean emango diote amaiera urteurrenari. Bizikleta martxa egingo dute 10:00etan Orbeko Etxetik Aretaraino. Gaztetxera joango dira gero, eta bazkaria egingo dute parkean. Hiru musika taldek joko dute bazkalostean, arratsaldea girotzeko: Erruki Jauna, Amenaza Bipolar eta Agian.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!