Barrundiako Udalbatzak aho batez eskatu du eskualdeko oinarrizko osasun arreta “azkar” konpontzeko
Udalbatzak EH Bilduren eta EAJren artean adostutako mozio bat onartu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatzeko "ahalik eta azkarren berrezartzeko pandemiaren aurreko egoera, langileei, arreta-ordutegiei eta zerbitzuei dagokienez". Izan ere, lehen mailako arretak “narriadura nabarmena” izan du pandemian, eta azken asteetan “okerrera” egin du Arabako Lautadako osasun zentroetan, “erabiltzaileen artean egonezina sortuz”.
Barrundiako Osoko Bilkurak aho batez onartu du mozio bat, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatzeko eskualdeko oinarrizko arreta “azkar” konpontzeko. Testua EH Bilduren eta EAJren artean adostu da, eta pandemiaren aurreko laguntza egoera berrezartzeko galdegiten du, langileei, arreta ordutegiei eta zerbitzuei dagokienez.
Azaldu dutenez, lehen mailako arretak “narriadura nabarmena” izan du pandemian, eta azken asteetan “okerrera” egin du Arabako Lautadako osasun zentroetan, “erabiltzaileen artean egonezina sortuz”. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote egungo eskaria eta etorkizuneko aurreikuspena azter ditzala, baliabide egokienak zehazteko.
Era berean, Udalak konpromisoa hartu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin batera lan egiteko, baliabideak benetako beharretara egokitzeko. Barrundiako alkate Igor Medinaren ustez, epe ertainera egoera aztertzeaz gain, eskualdeko lehen mailako arretan izan diren murrizketei erantzun behar zaie, batez ere Aguraingo anbulatorioko langilerik ezagatik. Eskualdeko osasun-zentroek ordezten dute hutsune hori egun. “EH Bildurentzat funtsezkoa da premiazko neurriak hartzea, gutxienez, genuen osasun-laguntza berreskuratzeko”, gaineratu du Igor Medina alkateak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!