Azkena gure alde, Hertzainak
Hertzainak taldeak behin betiko esan du agur, Gasteizen urtarrilaren 6an emandako kontzertuan. Azkena gure alde bira txikiari bukaera eman dion ekitaldia izan da Mendizabalan egin dutena eta 10.000 lagun baino gehiago bildu ditu.
Kontzertuan lagun izan zituzten arabar euskalgintza eta kulturgintzan ari diren hainbat kide; izan ere, omenaldia egin nahi zioten taldekideek sortzen ikusi zituen hiriari eta, batez ere, ekitaldia euskararen aldeko jaia izan zedin nahi zuten. Horrela, 20.00etan hasi zen giroa berotzen: Hertzainaken aurretik kantatzen izan ziren, besteak beste, Peru Abartegi, Manex Agirre, Paula Amilburu, Xabier Amuriza, Juantxo Arakama, Jon Basaguren, Dupla, Iñigo Etxezarreta (ETS), Xabi Igoa, Joseba Irazoki, Miren Narbaiza, Ruper Ordorika, Oihane Perea, Mikel Urdangarin eta Iñaki Viñaspre.
22:00etan igo ziren oholtzara Iñaki Garitaonaindia Gari, Luis Javier Saiz Txanpi eta Josu Zabala, Bingen Mendizabalekin eta bandarekin batera: Ion Celestino, Amets Aznarez, Ibon Irixoa, Francisco Herrero, Xabier Zeberio eta Lorena Núñez musikariek jo zuten taldearen formazio originaleko kideekin batera.
“Oroitzapenen berpizte kolektibo bat” nahi zuen Hertzainakek lortu emanaldiarekin, eta kontzertu hunkigarri bat eman zuten, hogeita hamar urte beranduago ere zeresana duten abestien laguntzaz.
1980ko hamarkada hasieran eman zuen Hertzainakek lehen kontzertua Gasteizen, eta 1993ko urriaren 30ean, Izarran, azkena. 2012an Hell Doradon, Tito Aldamaren omenez, eta 2019an Bilboko Kafe Antzokian (eta beste zenbait emanaldi puntualetan) Josu eta Gari oholtzetan izan ondoren, azken agurra izan da Gasteizen emandako hau.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!