Autodefentsa sozialista antolatzeko bidean, elkarretaratzea deitu du Kontseilu Sozialistak
"Proletalgoaren aurkako ofentsiba gelditu, autodefentsa sozialista antolatu" lelopean Kontseilu Sozialista Gasteizek elkarretaratzea deitu du abenduaren 30ean, Euskal Herriko beste hainbat Kontseilu Sozialistak egin bezala.
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek abenduaren 30rako mobilizazioak deitu dituzte “Proletalgoaren aurkako ofentsiba gelditu, autodefentsa sozialista antolatu” lemapean. Gasteizen, egun horretan bertan, elkarretaratzea egingo dute Arka Plazan, 19:00tan.
Kontseilu Sozialistek azaldu dutenez, bukatzear den urte honetan bizitzaren garestitzea nabarmena izan da: oinarrizko elikagaien, energiaren eta gasaren prezioek gora egin dute; langabezia igo egin da; etxebizitza bat eskuratzea gero eta zailagoa da.
Bizitzaren garestitzea, Kontseilu Sozialistek azaldu dutenez, krisialdi garaian enpresariek irabaziak handitzeko harturiko erabakien ondorio da. Erasoaldiaren arduradun dira, bestalde, politikari profesionalak eta haien instituzioak ere, “enpresarien menpekoak baitira erakunde publikoak”.
Salatu dute, gainera, langile klasearen pobrezia areagotzen duten erabakiak hartu bezala, pobrezia kriminalitzatzen dutela: horren adibide bezala aipatu dituzte okupazioaren zein lapurreta txikien aurkako zigorrak gogortzeko hartutako neurriak.
Erasoaldiari aurre egiteko baliabideak falta zaizkio proletalgoari Kontseilu Sozialisten ustetan eta, horregatik, urgentziakoa deritzote “autodefentsa sozialista eraginkorra” antolatzeari.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!