Autodefentsa Juridikorako Gida aurkeztu dute, erroldatzeko eskubidea ukatzen zaien pertsonentzako erreminta
Apirilean Gasteizko Auzoan Bizi Etxebizitza Sarea, ErrekaleorBizirik!, Batuta Elkarlaguntza Sarea, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba eta Gasteizen Inor ez Etxerik Gabe-Derecho a Techo kolektiboek abiatu zuten kanpaina da Erroldarik Gabe, Izaterik ez!. Gasteizen erroldaren problematika azaleratu, Udala erantzuletzat seinalatu eta konponbide bat exijitzea du helburu.
Hainbat eskakizun, mobilizazio eta protesta egin eta udalak entzungor egin ostean, pausu bat eman dute orain aurrera: Autodefentsa Juridikorako Gida: errolda eskaera Gasteizen eman dute ezagutzera, errolda eskubidea ukatzen zaien pertsonentzako erreminta berria. Eskuragarri dago kanpainaren sare sozialetan eta paperean Gasteiz Txiki Auzo Elkartean. Euskaraz, gaztelaniaz eta arabieraz dago idatzia. Hala Bedik ere aurki jarriko du irakurleen esku formatu digitalean.
Hiru ataletan banatuta dago gida. Lehenik Gasteizko Udalak gaur egun erroldatzeko jartzen dituen baldintzak eta trabak azaltzen dira. Bigarren zatia protokolo praktikoa da. Bi prozedura mota bereizten ditu: bata bizilekua duten, baina legezko titulurik ez duten pertsonei dago zuzendua; bestea, aldiz, kalean dauden eta etxebizitzarik ez duten pertsonentzat dago egina.
Errolda, eskubidea eta oinarrizko baliabideak eskuratzeko baldintza
Errolda eskubidea eta betebeharra da: herritar ororen ardura da bizi den tokian erroldatzea, eta bertako administrazioarena errolda bideragarria izatea norbanako ororentzat. Era berean, oinarrizko baliabide eta eskubide asko jaso ahal izateko baldintza da errolda. Izatezko egoeren erregistroa da, ez zuzenbidezkoa: hau da, pertsona bakoitza benetan non bizi den erregistratu behar du, etxebizitzaren jabetza edo kontratua duen kontuan izan gabe.
Kanpainaren bultzatzaileek gogorarazi dute, gainera, migratutako pertsona askorentzako, errolda izatea “existitzeko baldintza” dela. Izan ere, administrazioek erroldatuta egoteko eskatzen diete erregularizatzeko prozesu administratiboa hasi ahal izateko.
Udala erantzule
Udal administrazio bakoitzak erroldaren erregistroaren bidez bere biztanleria mailara egokitu ahal du udal kudeaketa. Kanpainaren bozeramaileek azaldu dute, alta, praktikan “oso bestelakoa” dela erroldaren “funtzio eta irisgarritasuna”. “Gasteizen Udalaren erroldatzeko baldintzek ordea, etxe jabeen esku uzten dute erroldatzeko eskumena eta ondorioz etxe jabeen gehiegikerien eta erroldaren merkatu beltzaren konplize zuzena da Udala”, salatu dute.
Aldaketa beharra
Gida erabiltzeko eta Auzoan Bizirekin harremanetan jartzeko gonbidapena luzatu diote behar duen pertsona orori. “Salaketa indibidualak borroka kolektibo bilakatuz” Udalak erroldarekiko duen erantzukizuna azpimarratu nahi dutela esan dute, orain arte darabilen kudeaketa salatu eta presioa egin “ezinbestekoak” diren aldaketak burutu ditzan.
Errolda unibertsalaren aldeko borroka “aldaketa administratibo” hutsa baino, “klase antagonismoaren baitan, zapalkuntza estrukturalaren enegarren aurpegi hau jasaten dugun subjektuak artikulatu eta antolatzeko” bidea ere badela argitu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!