Aurkeztu dute Zartada Gazte Ekimenaren egitaraua, “gazte ikuspegitik erantzun bateratu bat” emateko
Martxoaren 18, 19 eta 20an izango da Gasteizen, eta Euskal Herriko gazte mugimenduen topagune izatea du helburu. Askotariko hitzaldi eta mahai-inguruak antolatu dituzte, baita mobilizazio eta kontzertuak ere.
Urtarrilean aurkeztu zuten Zartada Gazte Ekimena. Antolatzaileen arabera, Euskal Herriko gazteria eta gazte mugimenduak batu, aktibatu eta elkarlanean jartzea bilatzen du, elkarrekin hausnartu, ikasi eta mobilizatzeko. Abenduan egin zuten lehen asanblada Gasteizen, eta bertan ondorioztatu zuten elkargune baten beharra. Hortik abiatuta, martxoaren 18, 19 eta 20an Gasteizen elkartzeko proposamena plazaratu zuten, «Bat egitetik, hamaika izatera» lelopean.
Orain, bi hilabeteko lanaren ostean, martxoan jorratuko duten egitaraua iragarri dute. Askotariko borrokak izango dituzte hizpide: gazte mugimendua eta gazte problematikak, euskalgintza, sorkuntza, hezkuntza, eta beste asko. Horretarako, herri mugimenduko hainbat eragile izango dira hitzaldi, mahai-inguru eta tailerretan. Mobilizazioa, formazioa eta aisialdia uztartuko dituzte. «Krisian dauden balio batzuk ere indartu nahi ditugu: kolektibotasuna, elkarlana, inkonformismoa… Gaur egun, gazteria jota eta material eta sinbolikoki ataka larrian, elkarlana eta batasuna inoiz baino beharrezkoagoak ditugu», diote ekimenaren bultzatzaileek.
Ikasturte hasieran Euskal Herriko zenbait eragile eta kide elkartu ziren «egungo testuinguruaz hausnartu eta erantzun bat artikulatu nahian». Ordutik, bilerak eta antolaketa espazioak martxan jartzen aritu dira, eta joan den abenduaren 29an Euskal Herriko gazteon asanblada deitu zuten ekimen honen berri eman eta gazte mugimenduetako hausnarketak ezagutarazteko.
Ekimen honek, azaldu dutenez, egungo testuinguruari «gazte belaunalditik» erantzun bat ematea du helburu.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!