Ate joka dago Auzolana Pilotalekuko txapelketa autogestionatua
Izen ematea irekita dago eta otsailaren 2an izango da finala, egunean zehar luzatuko den jaialdi batekin. Aurtengo edizioan deialdi berezia egin nahi diete emakumeei bertan aritzeko eta gainontzeko herritarrei azaroaren 22an eta 24ean burutuko den auzolanean parte hartzeko.
Udazken-negu honetan ere, aurreko urteetako dinamikari eutsi nahi izan diote Txapa Ahotsa asanbladako kideek, Auzolana Pilotalekuari bizitza propioa ematen dion ekimenetako bati helduz: Txapelketa Autogestionatu Mistoa.
“Auzoko dinamikari bizia ematen jarraitzeko, kirolaren bitartez pertsonen arteko erlazioak sustatu eta indarberritzeko, autogestioaren indarrari bultzada ematen jarraitzeko, pilotalekua mimatzeko. Horregatik ikusten dugu beharrezkoa txapelketa”, azaldu dute asanbladako kideek. Izan ere, txapelketa hau antolatzeko, frontoiaren erabiltzaileak eta Txapa Ahotsa asanbladako kideak bildu dira.
Hiru aukera ezberdin daude parte hartzeko: pala, frontenis eta pilota. Izen-ematea azaroaren 20ra arte irekita egongo da, eta gune bakar batean eman daiteke izena: Kutxi kaleko Txapelarri tabernan, 10 euro ordainduz bikote bakoitzeko. “Aurreko esperientzietan presentzia nagusiki maskulinoa izan duen ekimena izanda, deialdia espreski emakumeei ere luzatu nahi genieke, txapelketa mistoa lortzeko”.
Izan ere, guztion espazioa den eta izan nahi duen pilotaleku honek holako dinamiken bitartez frontoiaren erabilera zabaltzea, kaleari bizia ematen jarraitzea eta erlazio sare berriak sortzen eragitea ditu xede.
Finala eta jaialdia
Txapelketari amaiera emateko data otsailaren 2a izango da. Egun horretan, finala ospatzeaz gain, jaialdia egingo dute: “Jende mordoa bildu nahi dugu pilotalekuaren inguruan, jai eta kirol giroa nagusi izango den egunean”.
Txapelketaren funtzionamenduari dagokionez, modu autogestionatuan eman dadila da asmoa. Antolakuntzatik, bikote aurkarien zerrenda jakinaraziko zaie partaideei, eta harremanetan jarriko ditu hauek. Ondoren, hauek bilatu beharko dute tartea partida jokatzeko, ezarriko den data baten barruan. Baldintza bakarrak, partidak pilotalekuan izatea, eta partidarako erreserba aldez aurretik egitea dira, horretarako eskuragarri jarriko den egutegian erreserba eginez. “Eraginkortasuna eta arintasuna bermatzea bilatzen da horrela”.
Azkenik, frontoiak merezi duen tratua dela eta, auzolana deitu dute azaroaren 22 eta 24rako. Erabiltzaile eta animatzen den oro deitua dago egun hauetan pilotalekura gerturatzera.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!