Aste betean bi garraiolari hil dira Araban
Lan heriotzen odolusteak ez du etenik Euskal Herrian. Arabako errepideetan azken astean bi garraiolari hil direla salatu du LAB sindikatuak. Gutxienez 63 dira 2020an Euskal Herrian lanean hildako beharginak; gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du datorren azaroaren 30erako.
Azken zazpi egunetan bi garraiolarik bizia galdu dute Arabako errepideetan, horrela salatu du LAB sindikatuak. Atzo, azaroaren 25, garraiolari bat oso gaixorik topatu zuten Gasteizko aparkaleku batean, ospitalera eraman eta bertan hil zen.
Azaroaren 18an, beste garraiolari bat kamioiaren kabina barruan hilik topatu zuten Araiako zerbitzu gune batean.
11 garraiolari hilda
Euskal Herrian, urtea hasi zenetik, 63 beharginek galdu dute bizia prekarietatearen eskuetan, horietatik 11 garraiolariak ziren. LAB sindikatuak gogor salatu du garraiolarien sektoreko langileek urte luzez pairatzen ari diren “prekarietatea eta desarautze basatia”.
“Garraiolarien eskubide eza” ere kritikatu dute LABeko kideek: “lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar dituzte”. Gainera, zama deskargatzera behartuak izateaz gain, muturreko tenperaturei, errepideen egoerari edota eguraldiari ere egin behar diote aurre.
LABek garraiolarien arazo eta errealitate gordina “behin eta berriz ezkutatzea” leporatu die administrazioei.
Datorren astelehenean, hilak 30, Euskal Herriko gehiengo sindikalak elkarretaratzea egingo du Gasteizen, goizeko 11:30etan, SEA patronalaren egoitzaren aurrean, azken bi lan heriotzak salatzeko.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!