Asanblada sendo baten garapena
20 urte igaro dira Judimediko Gazte Asanblada sortu zenetik. “Gorabehera” handiko prozesua izan da, baina gaur egun indartuta azaltzen da urteurren honetan.
Gazte Asanblada ez zen ezerretik sortu. 1998an gazte batzuk elkartu ziren Judimendiko Auzo Elkarteko gazte komisioan. Auzo Elkartean komisio ezberdinak zeuden eta gazte komisioa sortu zen gazteei begira dinamikak egiteko. Urtebete eta zerbait gehiago egon ziren bertan, baina gazteak ez ziren asko hurbiltzen.
Igor Gazte Asanbladako kide ohiak azaldu zuenez, “pertzepzioa zen oso instituzionalizatuta zegoela, gazte asanbladak bazeuden Gasteiz mailan eta beste herrietan, baina gazte komisio bat, auzo elkartean, ez zen erakargarria gazteentzako”. Orduan, Auzo Elkartetik ateratzeko hautua hartu zuten, eta horrekin batera deialdi bat ireki zuten Judimendiko Gazte Asanblada sortzeko, 1999ko udaberrian.
Lehenengo bilera horretan, 30 gazte inguru bildu ziren. Hasierako egoerarekin konparatuz, ilusio handia gogoratzen du horrelako erantzun baten aurrean: “Momentu horretako erantzuna guretzako oso positiboa izan zen”. Hala ere, trantsizio fase bat egon zen. Gazte Komisioa oraindik bizirik zegoen eta haien azpiegitura erabiltzen zuten oraindik ere, baina ekimen ezberdinak antolatzen zituzten Gazte Asanbladaren izenean. Horrek lagundu zuen jende gehiago erakartzera.
Gazte Asanbladaren hasierako helburua zen gazteak elkartzea eta haien kezkei erantzunak ematea. Horretarako ikastaroak edota hitzaldiak antolatu zituzten. Dinamika bat egin zen hasieran, lan-baldintzen inguruan auzoko komertzio guztietatik pasatu ziren gazteen kontratazioa eta egoera nolakoa zen jakiteko. Aprobetxatu zuten ere euskara maila neurtzeko. Datu guztiak batu zituzten baina, zoritxarrez, ez zitzaion jarraipen handia eman kontuari. Izan ere, “ez genekien ondo nola heldu gai horri”. Bestetik, gazte lokala ere garrantzitsua zen Judimendiko gazteentzat, auzoko gazteak ez baitziren hurbiltzen Auzo Elkartera.
Abenduaren 28an ekimen bat egin zuten, Ni Santos Ni Santas Ni Inocentes, gazte lokala aldarrikatzeko. Hala ere, hausnarketa sakon baten ondoren, ondorioztatu zuten ez zutela indar nahikorik okupazio bat burutzeko. Horregatik, lokal handi bat alokatu zuten. 2002an, inaugurazioa egin zen. Zoritxarrez, urte batzuk geroago utzi behar izan zuten lokal hori. Horrekin batera, auzoko hainbat kide atxilotu zituzten, Igorren arabera, “hori izan zen Gazte Asanbladaren nolabaiteko desagerpena eta lehenengo fasearen amaiera”.
Gerora, beste belaunaldi bat etorri zen eta honek birsortu zuen Gazte Asanblada. Horrekin batera, lokal bat okupatu zuten, hasieratik fitxatuta zegoena. Hala ere, atxiloketek ere jarraitu zuten auzoan eta horrek zaildu zuen Gazte Asanbladaren garapena.
Atxiloketak eta desmotibazioa
Martin, Gazte Asanbladaren kidea, 2009/2010 kurtsoan sartu zen Asanbladara eta momentu horretan Segiren aurkako Sarekadak burutzen ari ziren. Zaila izan zen garai hori Martinek azaldu duen moduan, burututako atxiloketengatik. Egoera horren aurrean nahiko “desmotibatuta” geratu ziren. Hala ere, dinamika bat egin zuten atxiloketa guzti horiek salatzeko.
Aldi berean, Jagobak, atxilotua izandako Gazte Asanbladako kideak, proposatutako kanpaina atera zen: “Auzoa hiltze ari da, oso gris dago (…), horregatik Judimendi Mila Kolore kanpaina atera genuen”, gogoratzen du Martinek. Hala ere, asanbladen parte hartzea “nahiko zaila” zen eta horrek zaildu zuen antolakuntza ekimen ezberdinei begira. Gainera errepresioa oso gainean zegoen, horrek eragin zuen jende askok asanblada uztea, “bi urte igaro genituen egoera honetan”.
Hortik aurrera egoera guztiz aldatu zen Judimendiko auzoan. 2011ko urtean jendearen fluxua handitu zen, jende pila bat sartu zen Asanbladara baina baita atera ere. Hala ere, Maialanek, Gazte Asanbladaren kideak, azaldu zuenez, Gasteizko zein auzoko testuingurua “ilusiozkoa” zen. Horrek suposatu zuen Asanbladaren egonkorte bat eta horrela sortu ziren auzoan dinamika berriak, Gazte Aste Kulturala, adibidez.
Gutxinaka Asanbladak forma hartu zuen eta “komunitatea” sendotzen joan zen, “jende asko geunden auzoa mugitzen eta inertzia horrek hartuta joan ginen familia bat egiten, gerora ekarri dituenak bere fruituak”, Martinen aburuz.
Espazio baten beharra
Hasieratik gainean izan duten hausnarketa bat izan da espazioarena. Logika horretan duela 3 urte Sumendi espazioa okupatu zuten, behar horri erantzun sendo bat emanez. Hala ere, Sumendiren okupazioa aurretiko lan sakon baten ondorioa izan da. 2014/2015 ikasturtean aisialdia lantzen hasi ziren, eta horrekin batera dinamika berri bat burutu zuten, Erain Dezagun Aisia deiturikoa. Aisi eredu alternatiboa eskaintzea auzoan zen horren helburu nagusia, hala ere, kalean burutzen zituzten ekimen gehienak, kideek azpimarratu zuten bezala, “beti kaleetan egiten genituen gauza guztiak, horregatik espazio baten beharra geneukan”.
Paraleloki, beste dinamika bat hasi zuten, Ateak Ireki. Honen baitan ikerketa bat egin zuten jakiteko auzoko zenbat lokal zeuden itxita. Beraz, bi dinamika horiek uztartuz, Sumendi jaio zen. Martinek adierazi zuen bezala, “gure buruan oso argi zegoen”.
Nahiz eta Sumendiren okupazioa Gazte Asanbladaren eskutik burutu zen, gaur egun bi proiektu horiek elkarrekiko independienteak dira.
“Bi proiektuen existentzia bermatzeko egin zen”. Sumendi okupatzerakoan Asanblada osoa buru-belarri egon zen espazio berriarekin, Asanblada beraren helburuak albo batera utziz. Beraz, hausnarketa egin zuten gazteek, “betidanik aldarrikatu dugu espazio bat behar genuela gure jarduna ateratzeko, baina espazioa bera ezin da gure helburua izan”. Logika horretan, Sumendi sortu eta hurrengo urtean erabaki zuten Asanbladan jarri behar zutela indarra.
Auzoa Jokoz Kanpo
Duela bi urte inguru Olagibel kalean joko areto bat ireki zuten. Hasieratik argi izan zuten ez zutela nahi horrelako espaziorik auzoan, horregatik erabaki zen horren aurrean dinamika bat egitea 2017ko udazkenean, Auzoa Jokoz Kanpo. Haien iritzia argi zuten, hala ere auzoko iritzia jakin nahi zuten eta horretarako inkestak banatu eta behaketa sakona egin zuten auzotik. Hortik txosten bat argitaratu zuten ateratako ondorioekin. Haien aburuz nabarmentzekoa da “joko aretoa auzoko bizitzaren kontrakoa dela, bultzatzen duen kontsumo eta aisialdi ereduarengatik”.
Kideek adierazi zutenez, txostenean ez dago haien irakurketa, “auzoaren iritzia joko aretoen aurrean, diagnostikoa eta datu bilketa baizik”. Hala ere, Asanbladak bazuen bere iritzi propioa joko aretoen inguruan. Hori guztia ikusita eta hausnarketa batzuen ondorioz, dinamika berri bat sortu zuten, Judimendik Joko Aretoari Ez, azken hilabeteetan aurrera eraman izan dena. Jaietan joko aretoaren kontrako manifestazioa burutu zuten auzoan.
Aurten, Gazte Asanbladaren XX.urterrena da eta etorkizunera begira, azpimarratu zuten udazkenean zerbait berezia egin nahi zutela “urteurrena ondo ospatzeko”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!