[ARGAZKI GALERIA] Faxismoaren aurka elkar zaintzeko deia egin dute sexu-genero disidentziaren egunean
Milaka pertsona bildu dira Gasteizko kaleetan LGTBIQ+ harrotasuna erakusteko, eta borrokaren beharra plazaratzeko. Faxismoaren gorakadak, transfobiak eta arrazakeriak leku berezia izan dute aldarrikapenetan.
Ekainaren 28a sexu-genero disidentziaren harrotasun eguna da, 1969an Stonewallen (AEB) izandako istiluen omenez. Urtero bezala, E28 koordinadorak deituta kalera atera dira milaka pertsona Gasteizen, eta mobilizazioak izan dira Euskal Herriko beste hainbat herritan ere.
Aurten, testuinguru politikoak behartuta, faxismoaz hitz egin dute antolatzaileek manifestazio amaieran hitza hartu dutenean. Esan dute “guztiz mespretxugarria dela” eskuin muturrari jokoa jarraitzea, eta alderdi politikoen eta hedabideen jokabidea gaitzetsi dute. Azaldu dute faxistek “beren gorroto diskurtsoen bitartez jendartearen amorrua, elite eta klase zapaltzailera bideratu beharrean, etsai imajinario” batera bideratzen dutela.
Estatu mailako trans legeaz ere aritu dira protestan. Salatu dute “trans pertsonen identitate eta existentziak sistematikoki ukatuak” izaten direla eta “arriskutsu edo eta etsai bezala seinalatzen” dituztela. Aipatu dute “zentzugabea bezain zinikoa” dela genero-disidenteei egoztea indarkeria heteropatriarkalaren eta genero rolen erreprodukzioaren ardura.
Genero rol matxistetan eta familia eredu heterosexual eta monogamoan jarri dute begirada, eta zaintzak sozialki, politikoki eta ekonomikoki aitortzea aldarrikatu dute. Gogoan izan dituzte duela urtebete Melillako sarraskian eraildako migratzaileak, eta Europar Batasunaren politika arrazistak salatu dituzte. Azaldu dute “harrotasuna antiarrazista izango dela, edo ez dela izango”.S
Sareak ehuntzen jarraitzeko konpromisoa aurkeztu dute, komunitatea sortu, zaintzak erdigunean jarri eta autodefendatzeko dei eginez. “Antolaketa eta borrokaren bidez, zaindu dezagun elkar faxismoaren aurka. Ez dira pasako!”
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!