HALA BIDEO | Alokabideren bulegoetara eraman du etxebizitza eskubidearen aldeko aldarria “Inor ez kale gorrian” ekimenak
Protesta egin dute Gasteizko Alokabideren bulegoetan, erakunde publikoek etxebizitzaren urgentziazko egoeraren aurrean hartu duten jarrera arduragabea salatzeko. Etxegabetzeak hipotekak eta alokairuak bertan behera geratzea eta bizitzeko oinarrizko baliabideak bermatzea exijitu diete instituzioei.
Gasteizko Alokabideren bulegoetan protesta egin dute “Inor ez kale gorrian” ekimeneko kideek. Pandemiak etxebizitza problematika larriagotu egin duela salatu dute eta horren aurrean erakunde publikoek jarrera arduragabe bati eutsi diotela.
Familia eta komunitateen egoera ekonomikoa “gero eta prekarioagoa” dela azaldu dute. Bien bitartean alokairuen prezioak gora egiten du etengabe, Gasteizko hainbat bizilagun kaleratze arriskuan jarriz.
Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren papera gogor kritikatu du “Inor ez kale gorrian” ekimenak: “enpresa pribatuen interes ekonomikoak gasteiztarron etxebizitza eskubidearen gainetik lehenesten jarraitzen dute”. Vitalquilerrek, Castella funts putreari Babes Ofizialeko 500 etxebizitza saldu izana jarri dute, besteak beste, enpresa pribatuen interesei begirako kudeaketa horren adibidetzat.
Olarizu etrobideko etxebizitza okupatuetan bizi diren bizilagunak ere izan dituzte gogoan gaurko protestan. Urataren Gobernuak 35 familia kaleratu eta 124 etxebizitza erausi nahi ditu. Olarizuko bizilagunek ez dute oraindik inolako etxebizitza alternatibarik jaso eta “komunikabideen kriminalizazioa eta poliziaren jazarpena” pariatzen jarraitzen dutela azaldu dute.
Urgentziazko egoeraren aurrean, urgentziazko neurriak
“Inor ez kalegorrian” ekimeneko kideek kezkaz bizi dute egoera eta instituzio publikoei “behingoz etxebizitza eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak hartzea” exijitu dute.
Zenbait neurri aldarrikatu dituzte egoerari erantzuteko: Etxegabetzeak, alokairuak eta hipotekak bertan behera gelditzea eta bizitzeko oinarrizkoak diren baliabideak bermatzea (ura, argia, elikadura, gasa eta interneterako sarbidea)
Argazki galeria
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!