Argazki erraldoia egingo dute igandean, bi urteren ostean Gasteizko Txosnak “ilusioz” hartzeko
Bi urteren ostean ohiko erara zabalduko da berriro ere Gasteizko Txosnagunea. Merezi duen harrera emateko argazki erraldoia egingo dute igande honetan Aihotz plazan eta bertaratzeko gonbidapena luzatu dute.
2020. urteko etenaldiaren ostean, iazko jaietan kaleak hartzeko deia egin zuten Gasteizko Txosnetako eragileek. Entxosnatu eguna antolatu zuten helburu horrekin abuztuaren 5ean: azoka, erakusketak, ipuin kontalariak, bazkaria eta manifestazioa ere egin ziren egun hartan, txosna batzordea osatzen duten eragile eta pertsonen lanaren emaitza. Izan ere, iaz aldarrikatu zuten bezala, «herri mugimenduen bilgunea dira Gasteizko Txosnak: aisialdi eta jai eredu alternatibo baten iturria, hamaika borroken plaza, indarrean dauden joera eta balioak eraldatzeko aukera, parte hartzeko aukera, ikasteko aukera…».
Aurten, bi urteren ostean, txosnagunea ohiko erara zabalduko da berriro ere. Jai herrikoi eta parekideak antolatzeko lanean eman dituzte azken hilabeteak Txosna Batzordeko kolektibo eta kideek, abuztuaren 4tik 9ra txosnagunea martxan egon dadin.
Argazki erraldoia
2022ko Gasteizko Txosnei merezi duten harrera emateko argazki erraldoia egingo dute igande honetan, uztailak 24, Aihotz plazan eguerdiko 13:00etan. Sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez, txosna batzordeak gonbidapena luzatu du argazkira batzeko: “2 urtez txosnagunerik gabe daramagun honetan berebiziko ilusioa baitugu jaiez gozatu eta elkarrekin disfrutatzeko! Data gorde! Zuekin, dena da posible!”. Ikasle, langabetu, gazte, langile, jubilatu, musikari, okupa, idazle… zein babesa adierazi nahi duen edonori luzatu diote bertaratzeko deia.
Gasteizko Txosnek, beste urte batez eta geldialdiaren osteko ilusioz eta indarrez berretsi dute hautua “borroka feminista ehuntzeko, euskal preso politikoen etxeratzea lau haizetara oihukatzeko, gazteek bizitzaren hautua egiten dutela aldarrikatzen jarraitzeko, munduko beste herrialde eta borrokekin distantzia txikitzen jarraitzeko, komunikatzeko modu alternatiboak daudela aldarrikatzen jarraitzeko eta auzoak biziberritzeko”. Finean “beste bizi eta herri bat posible dela” erakusten jarraitu nahi dutela aldarrikatu dute aurten ere.
Gasteizko txosnetako oholtza nagusiko eta Entxosnatu karpako programazioa:
ABUZTUAK 4, OSTEGUNA
20:30 BROKEN BROTHERS BRASS BAND taldearekin kalejira kutxitik txosnagunera
21:30 Inagurazio ekitaldia eta txosnisaria
22:00 Kontzertuak: IBILBEDI , VULK, WILLIS DRUMMOND eta AIARALDEKO SOINU SISTEMA
ABUZTUAK 5, OSTIRALA |Elkartasun eguna
15:00 Herri bazkaria, landatxo kiroldegian
20:00 Kontzentrazioa, Andra Mari Zuriaren plazan
20:30 Kalejira, Andra Mari Zuritik txosnagunera
21:00 Elkartasun eguneko ekitaldia, eszenatokian
22:00 Kontzertuak: NIHIL, TREMENDA JAURIA, SARA HEBE eta DJ PEZON
ABUZTUAK 6, LARUNBATA |Ikasle eguna
14:00 Ikasle bazkaria, entxosnatu karpan
16:00 Bazkari osteko jolasaldia, entxosnatu karpan
00:00 Ikasle eguneko ekitaldia, eszenatokian
22:00 Kontzertuak: ZETALAU, GARILAK 26 eta DJ MALANDRO
ABUZTUAK 7, IGANDEA |Gazte eguna
14:30 Gazte bazkaria, gazte karpan
23:30 Gazte eguneko ekitaldia, eszenatokian
22:00 Kontzertuak: TATXERS, BRIGADE LOCO, ROTTEN XIII eta DJ SKAROLO (bitsa jaia – fiesta de la espuma)
ABUZTUAK 8, ASTELEHENA |Entxosnazio eguna
12:00 IRRIEN LAGUNAK ikuskizuna, Alde Zaharrean
13:00 Marianitada musikatua, Alde Zaharrean
14:30 Herri bazkaria, Alde Zaharrean
16:00 TXAN MAGOAren ikuskizuna, Alde Zaharrean
19:00 Txosnibusa. [hala bedi tabernatik – txosnagunera]
22:00 Kontzertuak: SUA, SOZIEDAD ALKOHOLIKA, DJ BIHOTZA, DJ VILLATEK eta DJ SUDO
ABUZTUAK 9, ASTEARTEA
22:00 Kontzertuak: HERENEGUN, ZETAK, DUPLA, DJ ORDEZKAGUNE eta DJ DANTZETAN JARRAI
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!