Arabako osasun sistema publikoaren alde mobilizatu dira hainbat kolektibo Gasteizen
Itxita daude Santiagoko Etengabeko Arreta Gunea, Txagorritxuko larrialdietako arreta zerbitzua, itxita osasun zentroak 17:00etatik aurrera, eta mediku gabe landa eremuko zentroak (hala salatu dute Lautadako udalerrietako alkateek, Zuiako udalak zein Araiako herritarrek azken hilabeteetan).
Egoera horretan, ugariak izan dira aurten osasun zentroetako langileek eta erabiltzaileek egindako protesta eta grebak, murrizketen eta desmantelazio politiken aurka. Seinalatuak izan dira, horietan, Arabako OSI eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, hartutako osasun sistema publikoaren aurkako politikarengatik.
Testuinguru horretan, elkarretaratzea egin dute gaur Gasteizen, Olagibeleko Osasun Zentroan, Arabako osasun sistema publikoaren defentsan. Zerbitzuen itxierak, ordutegi murrizketak, osasun langileen lan baldintzen prekarizazioa eta pribatizazioak salatu dituzte.
Osasun arretak guztiz dohainekoa, integrala, duina eta unibertsala behar duela aldarrikatu dute antolatzaileek; hau da: Osasun Publikoa Aurrera plataformak, Gasteizko hainbat auzo elkartek, Babestu Arabak, OSI Arabako langileen ordezkaritzak eta Pentsiodunen Mugimenduak. Azken biek hitza hartu dute goizeko elkarretaratzean.
Arabako Pentsiodunak osasun sistema publikoaren alde
Sistema publikoaren desmantelatzea salatu dute pentsiodunek. Osasun Sailari exijitu diote osasun publikoa indartu eta inbertsioak handitzeko, pribatitazio prozesua gelditzeko, kalitatezko arreta presentzial eta pertsonala berma daitezen. Galdegin dute, bestalde, behar adina profesional kotrata daitezela, arreta lan baldintza duinekin eman dezaten.
“Osasun pribatuko kutxen onerako izango da”
Araba-ESIko langileen ordezkaritzak salatu du murrizketek bereziki kaltetzen dituztela Larrialdi Zerbitzuak, Lehen Mailako Arreta eta Osasun Mentalerako zerbitzuak. Azken horiek lau zentrotan zeuden lehen, bitan soilik orain: Zabalganan eta Salburuan.
Lehen Mailako Arreta, aurtengo udan, inoiz baino gehiago murriztuko da: ekainaren 22tik irailaren 22ra.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!