Arabako kirol-jardueretako langileek grebara joko dute maiatzaren 10etik 14ra
2020ko irailean ere greba egin zuten Gasteizko kirol-jardueretako langileek. Enpresa esleipendunen eta langileen ordezkarien arteko akordiorik gabe, 11 egun igaro zituzten greban, bertan behera utzi zuten arte. Lanuzteak egin zituzten egunero horren ostean, eta baita mobilizazioak ere, baina ez dute orain arte akordiorik lortu.
Bi urte daramate Arabako kirol-jardueren sektoreko langileek hitzarmenik gabe, eta denbora guzti horretan bilera eta mobilizazio ugari burutu diren arren, langileek azaldu dute ez dutela lortu “enpresek lan-baldintzak duintzeko plantillen eskaera nagusiei jaramonik egitea”.
Lan-baldintza duinik ez dutela salatu dute eta horrek, besteak beste, “benetako profesionalizazioa” eragozten diela. Egoera horretan, kirol-jardueretako langileek bizimodua aurrera ateratzea ezinezko dutela eta, ondorioz, eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea kaskartu egiten dela ere arbuiatu dute. “Lankide batzuek soldata mileuristak dituzte eta lurraldeko urteko lanaldi luzeenetakoa; ez zaizkigu esperientzia-urteak konpentsatzen; gaixoaldi bajan gaudenean zigortu egiten gaituzte; kasu askotan, enpresaren esanetara gaude goizetik gauera arte, egiazko lanordu gutxi batzuk egiteko”, esan dute gaur, maiatzak 3, langile eta sindikatuen ordezkariek egindako prentsaurrekoan.
Gauzak horrela, grebara joko dutela jakinarazi dute kirol-jardueretako langileek, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta. Bost eguneko greba egingo dute, maiatzaren 10etik 14ra bitartean. Helburua enpresek negoziazio mahaian egin dituzten aldarrikapen nagusiak onartzea da, hau da, KPIari lotutako soldata igoerak, urteko lanaldiaren jaitsiera, joan-etorriak eta etenak saihesten dituzten koadranteak egitea, 1.200 €ko gutxieneko soldata, antzinatasun plusa izatea, ITgatiko osagarriak izatea eta formakuntza jasotzea.
Izan ere, enpresek proposatzen dituzten hobekuntzak xumeak izateaz gain, 2023tik aurrera aplikatu nahi dituztela salatu dute sindikatuek. Gainera, soldata beste 2 urtez izoztu nahi dute enpresek.
Azpikontratazioa arazoaren muinean
Egoeraren ardura administrazioak ere baduela gogorarazi dute langileek: “Administrazio publikoek, horien artean Gasteizko Udalak, erabiltzen duten azpikontratazio-sistema negargarriaren ondorio da, non eskaintzarik baxuena aurkezten duen enpresak zerbitzua bereganatzen duen kasu gehienetan. Horrek zuzenean eragiten die langileen lan-baldintzei; izan ere, enpresek ausarkeriaz jokatzen dute haien eskaintzak egiterakoan, eta, gero, zerbitzua eskuratzen dutenean, ez dute marjinarik plantillaren baldintzak duintzeko”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!