Arabako Esku-hartze Sozialaren sektoreak mobilizazioei ekin die hitzarmen duin baten alde
EAJ eta PSEren gobernuaren eta AISA patronalaren ardura eta erantzukizun falta salatu dituzte.
Argazkia: LAB
Esku-hartze sozialaren sektorea mila langilek baino gehiagok osatzen dute, gehienak emakumeak, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak edo Eusko Jaurlaritzak azpikontratatutako hainbat enpresa pribatuk kontratatutakoak. Kudeatzen dituzten zerbitzuak publikoak dira %100ean, eta babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, familia kalteberak, gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak zein osasun mentaleko arazoak edo adikzioak dituztenak artatzen dituzte, besteak beste.
2020ko abenduan Arabako Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenaren negoziazio-mahaia eratu zenetik 9 negoziazio-bilera egin dira, baina aurrerapenak oso txikiak izan dira, ordezkaritza duten sindikatuen arabera (LA, CCOO, LAB, ESK eta UGT). Sektoreko patronalak, AISAk, bere jarrera aldatzeko planteatutako oztoporik handiena erakundeek hitzarmenean proposatutako hobekuntzen finantzaketa bermatzeari uko egitea izan dela azaldu dute. Gainera, hamar hilabete baino gehiagoren ostean, AISAk ez du proposamen formalik aurkeztu sindikatuen proposamenetarantz hurbiltzeko.
Egoera horren aurrean, gaur, urriak 20, sektorean ordezkaritza duten bost sindikatuek bi elkarretaratze iragarri dituzte, ondoren Probintzia Plazan batzarra eginez. Batzar horietan, sektoreko langileek mobilizazio-egutegi handi bati ekitea erabaki dute, Arabako Esku-hartze Sozialeko III. Hitzarmenean planteatutako hobekuntzak erakunde publikoei finantza ditzaten eskatuz, eta AISA patronalari egungo egoera desblokeatzeko konpromisoa har dezatela eskatuz.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!