Arabako Esku-Hartze Sozialak beste lau greba egun deitu ditu, uztailaren 14tik hasita
ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGTk langileen erosteko ahalmena bermatzeko negoziazioen blokeoa salatu dute.
Arabako Esku-Hartze Sozialaren sektoreak beste lau greba egun deitu ditu “negoziazioen blokeoaren aurrean”: uztailak 14, eta irailak 13, 14 eta 15. Ekainean zenbait greba egun egin ondoren (2 egun sindikatu guztiek eta egun bat ELAk bakarrik), sektorearen “zati handi bat” mobilizatu zen. Orain, mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGTk, “langile guztien haserrea entzun ondoren”.
Lehen greba egunean, ekainaren 17an, Gizarte Esku-Hartzearen sektoreak Gasteizko Udalean aurkeztutako mozioaren eztabaidan izan ziren langileak. Mozio horren bidez, Osoko Bilkurari eskatu zitzaion AISA patronalaren eta sindikatuen artean sinatuko den hitzarmen kolektiboaren aplikazioa bermatzeko. Mozioa aho batez onartu zen.
Ekainaren 23an, eta azken greba egunaren ondoren, AISAk negoziazio-mahaian jakinarazi zuen ez zuela proposamen berririk, eta berretsi egiten zela bere azken proposamena. Sindikatuek, aho batez, hurrengo bileran, uztailaren 6an, sektorearen aldarrikapenak jasoko zituen proposamen bat aurkezteko eskatu zioten patronalari.
Joan den astean, sindikatuak Emilio Sola diputatuarekin eta haren taldearekin bildu ziren, eta informazio “kontraesankorrak” jaso zituzten AISAk dioenarekin. “Beste behin ere, pilota elkarri pasatzen diote, eta erakundeen eta patronalaren gelditasunaren ondorioak, berriz, langileek jasaten dituzte”, salatu dute sindikatuek.
Sektorearen aldarrikapena nagusia KPI-aren araberako soldata igoera da, langileen erosteko ahalmena berma dadin.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!