Amnesia iraunkorraren aurrean “Gure Memoria” aldarrikatuko dute asteburuan Errekaleorren
Irailaren 25 eta 26an "Gure Memoria" jardunaldiak antolatuko dituzte Errekaleor Auzo Askean. Euskal Herriaren iragan hurbileko historia izango dute ardatz, "botere dominatzaileen" interesen aurrean errelatoaren norgehiagoka eta honen hegemonia erdigunean jarriz.
“Zein motatako herria izango genuke egun, aurrekoek borrokatu izan ez balute?”, “Borrokatzeko grina izango genuke?” galdera hauei erantzuna ematen saiatuko dira asteburu honetan Errekaleorren ospatuko diren “Gure Memoria” Jardunaldietan. Irilaren 25etik 26ra, bi eguneko egitarau oparoa antolatu dute memoriaren gaia prespektiba desberdinetatik lantzeko helburuarekin.
Errelatoaren norgehiagoka
Errelatoaren norgehiagoka eta honen hegemonia jarri nahi dute antolatzaileek jardunaldien erdigunean: “Mundu osoko edozein gatazka, gertakari edota pasarte historikotan, errelatoa, oraineko eta etorkizuneko interesen araberakoa da. Eta interes kontrajarriak dauden munduan bizi garenez, errelatoa ere, etengabeko norgehiagokan dago”.
Euskal Herriaren iragan hurbila ere errelatoaren norgehiagoka horretan murgilduta dago eta botere faktikoek makinaria oso bat jarria dute martxan errelato horren eraikuntzan, hezkuntza sistematik hasita ekoizten diren pelikula eta telesailetaraino. “Borrokari ekin zioten zapalduen memoria errotik ezabatu nahi dute” azaldu dute antolatzaileek, eta, hain zuzen, bertan jarri nahi dute fokoa “Gure Memoria” jardunaldiek: herri honen memoria kolektiboaren eraikuntzan, “nondik gatzoen ez ahazteko”.
Egitarau oparoa
Ostiraletik larunbatera bitarte hainbat hitzaldi izango dira Errekaleor Auzo Askean, gaiari prisma desberdinetatik heltzeko. “Ahaztuak 1936-1977” elkarteko kideek hemango diote hasiera egitarauari ostiral arratsaldean “Hacer memoria, hacer justicia” izeneko hitzaldiarekin.
Larunbatean, goizeko 10:00etan izango da hurrengo zita, bertan zenbait borroka ibilbide izango dituzte mintzagai dituzte kontakizun pertsonaletatik abiatuta. Eguerdiko 13:00etan, aldiz, Bilgune Feministako kideek Euskal Herrian jasandako errepresioa ikuspegi feminista batetik aztertuko dute.
Larunbat arratsaldean 16:30etan berrartuko dute egitaraua “gazte antolakuntzaren” inguruko mahai-ingurarekin. Bukatzeko, Nazio Askapen Mugimenduetako borroka moldeen eztabaida izango da Iñaki Gil de San Vicente eta Josetxo Otegirekin.
Hitzaldiez gain ostiral iluntzean kantu-afari internazionalista ospatuko dute eta larunbat eguerdian ere bazkaria eskainiko dute. Gaur, iriailak 23, da otorduetara izen emateko azken eguna, horretarako nahikoa izango da gurememoria@protonmail.com helbide elektronikora mezu bat bidaltzea. Otorduen prezioa 7 eurotakoa izango da eta lo egiteko lekua ere eskainiko dute.
Antolatzaileek Euskara-Gaztelania-Euskara itzulpena egongo dela jakinarazi dute, baita umeentzako zaintza gunea ere. Bertaratuko direnei musukoa eramateko eta segurtasun neurriak errespetatzeko eskatu diete.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!