Altsasuko gazteen askatasuna eskatuko dute Gasteizen
Martxoaren 22an manifestazioa deitu du Gasteizen Altsasukoak Aske Gasteiz plataformak. Apirilaren 16an hasiko dira Altsasuko gazteak epaitzen; haietako hiruk espetxean jarraitzen dute, dispertsatua.
Altsasukoak Aske Gasteiz plataformak deituta, manifestazioa egingo dute martxoaren 22an Gasteizen. Izan ere, hiru aste beranduago, apirilaren 16tik 27ra bitartean, terrorismoaren akusaziopean 375 urteko eskaera fiskalari egin beharko diote aurre herriko hainbat gaztek. Gazte bati, 62 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen diote; 50 urte beste seiri; eta 12 urte eta erdi azkenengo bati.
2016ko urriaren 14ko gertakarietatik, Nafarroako herria justizia eske dago. Izan ere, egun horretako gertakariak argitu gabe daude oraindik. Hala ere, epaiketa gauzatzen denerako gazteetako hiruk urtebete eta bost hilabeteko zigorra betea izango dute. Espetxeratuak eta etxetik 400 kilometrotara dispertsatuta.
Prozesu honetan, “eskubideen urraketa agerikoa” izaten ari dela salatu dute Altsasukoak Aske Gasteiztik. Salatu dutenez, lekukoen froga, adituen froga eta froga dokumental ia guztiak deuseztatuak izan dira. Are gehiago, kontutan hartu diren bertsio bakarrak Guardia Zibilarenak izan dira.
“Ez da bakarrik Altsasuko gazteen etorkizuna jokoan dagoena, edota beraien senide eta lagunena. Gizartearen eskubide zibil eta politikoak daude jokoan”, adierazi dute plataformatik. “Boterearen neurrigabeko erabilera ematen denean eta eskubide eta askatasunei eragiten dienean, aurrerago beste pertsona batzuei berdina gertatzea ez du ezerk galaraziko”.
Atxikimenduak biltzeko kanpaina
Horretaz gain, Gasteizko eragile eta norbanakoei atxikimendua eskatu diete antolatzaileek, aurrerago publikoak egiteko hauek. Mobilizazioarekin bat egiteko azken eguna martxoaren 19an izango da –altsasukoakaskegasteiz@gmail.com-era mezu bat idatzi-.
Manifestazioa, esan bezala, martxoaren 22an izango da, ostegunean. 19:00etan abiatuko da, Andra Maria Zuriaren plazatik.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!