Altsasuko gazteen aldeko gazte garrasia
Lagun ugari bildu dira Gasteizko kaleetan Ernairen deialdia babesteko eta Altsasuko gazteen askatasuna eskatzeko, ekimen ezberdinek kolorea eman dioten manifestazioan: Laudion ere kalera atera dira. Larunbatean Iruñeko kaleak betetzeko deia egin dute ostiralean Andra Marria Zuriaren plazan egindako Gazte Elkartasun Gunean.
Hamaika lagun bildu ditu Ernai Gazte Antolakundeak Gasteizen, Altsasuko gazteen askatasuna eskatzeko eta herri horren aurkako muntai poliziala salatzeko. Manifestazioan zehar margo gorria bota dute Espainiar Gobernuko Delegaritzan, Ertzaintzaren presentzia handia zen gunean. Bidean zehar, etengabeko garrasia: “Altsasukoak askatu”. Gainera, beste hainbat ekimen egin dituzte, tartean, sententziak erre (albiste amaierako galerian ikusgai).
Manifestazioaren amaieran Ernai Gazte Antolakundeak adierazi duenez, “azalean sentitu dugu hedabide bakoitzak zabaldutako gezur pozoitsua. Atxiloketa bakoitzean gure askatasuna lapurtu digute. Kontrol, katxeo, irain, kargaeta isun bakoitzaren aurrean gutariko bakoitzak barruak hustu ditu”.
Galdera bat luzatu diete bertaratutakoei: “Zer egin genezake basakeria honen aurrean, aurrera pausu bat ematea ez bada?”. Zentzu honetan, “auzitegi ustelen eta indar armatuen bidez gure oraina eta etorkizuna lapurtzera” prest ez daudela adierazi dute.
Nabarmendu dutenez, euskal gazteriaren etorkizuna da jokoan dagoena. “Etorkizun posible bakarra espainiar faxismoaren kateekin haustea dakar. Erabat eta betirako. Euskal Herriaren etorkizun politikoa burujabetzatik igarotzen da, egiazko bake, justizia eta askatasuna borrokatzetik“.
Manifestazio handia Iruñean
Ekainaren 16an Iruñera joateko deia eginez amaitu dute mobilizazioa -gutxienez zortzi autobus irtengo dira hiriburutik-. Txagorritxun edo Judimendin ere auzoko autobusak antolatu dituzte.
Ekainaren 15ean, ostiralean, Gazte Elkartasun Gunea egin dute, Andra Maria Zuriaren plazak hartuz zentralitatea. 11:00etatik aurrera ekimen ezberdinak egongo dira eta 20:00etan argazki masiboa aterako dute.
Laudioko manifestazioaren kronika, aiaraldea.eus bidez
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!