Alde Zaharrak badu igerilekua, igandera arte gutxienez
Zaharraz Harro! jaien baitan Bolo-Bolo gunean sartu dira ostiral goizean hamaika lagun 10 urtez hutsik dagoen espazioari erabilera bat emateko asmoz. Gune berean egiten den hirugarren auzolana da Alde Zaharreko igerilekua.
Frontoia, Gaztetxea, irratia, polikiroldegia, gizarte-etxea… Baina Gasteizko Alde Zaharrak badu gabezia bat: ez du igerilekurik. Ez du edo ez zuen? Galdera hori egin diote euren buruari hainbat auzokidek ostiral goizean Bolo-Bolo gunetik igaro diren unean.
Zaharraz Harro!-ko jaien baitan, 10:00etan puntual eta baratzerako erramintekin lagunduta, 10 urtez hutsik egon den gunea garbitzeari ekin diote hainbat auzokidek. Behin dena apainduta eta 30 gradu inguru zeudenean, beroari aurre egiteko tresna magikoa iritsi da: igerilekua. Beraz, Alde Zaharrak igerilekua duela esan dezakegu.
Luzera arte? Momentuz, asteburuan gozatzeko aukera egongo da. Izan ere, espazioan behin sartuta, jabearekin hitz egitea eta akordio batera iristea lortu dute auzoko jaietako kideak: datorren igandera arte (ekainak 30) egongo da espazioa zabalik egunero 10:00etatik 22:00ak arte.
Hala ere, sorpresa hau, guztientzako izan da sorpresa. 16:00ak pasatxo, Udaltzaingoa auzoko igerilekura hurbildu da azalpen eske eta bi lagun identifikatuz; leheenngoa ura hartzeagatik eta bigarrena espazioan sartzeagatik.
Igerilekua posible egiteko, zenbait konpromiso eskatu dizkiete antolakuntzatik bertaratzen diren guztiei. Adibidez, igerilekua betetzeko etxeko urarekin edo alboko tabernetako urarekin egitea eskatzen dute. Garbiketa egin den arren, sandaliak erabiltzeko deia egin dute, espazioa zaintzeko eta garbitzeko deia luzatuz. Amaitzeko, bizilagunak eta “igerileku-lagunak” errespetatzeko deia luzatu diete hurbiltzen diren guztiei.
10 urte hutsik, hiru auzolan
Zaharraz Harro! jai herikoietatik espazio berean egiten den hirugarren auzolana izan da aurtengoa.
Lehenengoa auzoko bolera egiteko izan zen, Santa Maria Katedral Fundzioak auzoko bolera bereganatu zuen unean. Bigarrena, berriz, Egin Aylluk egin zuen dokumentalaren proiekzioa egiteko izan zen. Eta hirugarrena, hemen dago: Alde Zaharrak, denbora batez gutxienez, badu igerilekua.
Antolakuntzako kideek auzokideei bertaratzeko deia egin diete, ekimen honen helburua zein den ahaztu gabe: “Espekulazioa salatu nahi dugu, auzoko espazio berdeez gozatzeko aukera aldakarrikatuz”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!