Alberto Lopez de Lacalleren presoaren lagun bati bisita ukatu diote
Beste bi euskal preso politikoen senide eta lagunei bisita egitea ukatu zieten joan zen asteburuan: Galizan dispertsatuta dagoen Alberto Lopez de Lacalle arabarra da haietako bat.
Beste bi euskal preso politikoen senide eta lagunei bisita egitea ukatu zieten joan zen asteburuan, hala eman du jakitera Etxerat elkarteak. Azken bi asteburutan orotara, bost euskal preso politikoen senide eta lagunei bisita egitea ukatu diete, milaka kilometro bidaiatu ondoren kartzelara iritsi eta handik bueltatzeko.
Joan den asteburuan, Curtiseko espetxean (600 km), Galizan, preso dagoen Alberto Lopez de Lacalleren bi lagun abiatu ziren bisita egitera, eta horietako bati, hain justu Ipar Euskal Herritik zetorrela, bisita ukatu zioten. Arrazoia, Etxerat elkartearen arabera: bere nortasun agiri eguneratuan agertzen zen zenbakia eta espetxe administrazioak zuenak ez zetozelako bat.
Joan zen larunbatean ere, La Santé-ko espetxean (Euskal Herritik 850 kilometrotara) Josu Urrutikoetxearen neskalaguna bisitarik gabe gelditu zen, atzerapen txiki batekin iritsi zelako espetxera. “Funtzionarioek ez zuten kontuan hartu Euskal Herritik Pariseko espetxe honetaraino iristeko izatzen diren zailtasunak, eta, are gutxiago, Josu Urrutikoetxeak pairatzen duen osasun egoera larria eta horren harira ze garrantzitsua den senidekin harreman eztua mantzentzea”, jakinarazi du Etxeratek.
“Arauetatik haratago, espetxe politikak senideei eragindako kaltea indarrean jarraitzeaz gain oso erraz handitu daiteke ematen den arbitrariotasuna eta ziurtasun faltarengatik. Etxerat elkarteak euskal gizarteari dei egiten dio, mobilizazioetan parte har dezan, behingoz denon artean egungo espetxe politika eta honek sortzen duen sufrimenduarekin amaitzeko helburuarekin”, esan du elkarteak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!