Aiaraldeko hainbat belaunaldietako emakumeak saretzeko topaketa antolatu dute
Euskal Herriko bi esperientziaren berri emango dute urriaren 20ko topaketan. Laudioko Kasinoan elkartuko dira emakumeak.
Laudioko Emakumeen Elkarteen Sareak antolatu du jardunaldia. Urriaren 20an izango da zita, larunbat goizean. Bi proiektu landuko dituzte, 10:00etatik 13:00etara. Batetik, Bilbo Zaharreko Koloretxe egitasmoa eta, bestetik, Uribe Kostako Andrabarriak elkartearena.
Antolakuntza lanetan dabiltza Solastiar, Jakaranda eta Avillo elkarteak. Aiaraldea hedabideari adierazi diotenez, etxe eta sare feministen lorpenak izango dituzte hizpide: “Hainbat herrietako emakumeen aliantzetatik eratorritako lorpenak ezagutuko ditugu”.
Adin ezberdinetako emakumeak batzeko proiektu komunen beharra dago, antolatzaileen ustez. “Laudioko emakumeen topaketa antolatu zen iaz. Horren jarraipena izan nahi du hitzordu honek”. Hain zuzen, bertatik atera zen Laudioko Etxe Feminista sortzearen ideia. Ordutik, egitasmoa zehazten dabiltza zenbait norbanakok osatutako taldean.
Zita Laudion izango den arren, eskualde osoko emakumeak gonbidatu dituzte. Izan ere, elkar harremanetan egotea eta saretzea izango da helburuetako bat. Parte hartzea irekia izango da; alegia, ez da aurrez izena eman behar.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!