‘AHTrik EZ Lautada’-k 7.000 alegazioak defendatu ditu Arabako Diputatu Nagusiaren aurrean
“Lautadako hautesle errolda 9.000 pertsonakoa izanda, 7.000 alegazio baino gehiago aurkeztea da egin daitekeen demokrazia ariketarik handiena”, adierazi dio “AHTrik EZ Lautada” Plataformak Arabako Diputatu Nagusiari.
Proiektu honen mehatxua zuzenean pairatzen duten Lautadako Udal eta Kontzeju guztiek proiektuaren kontrako iritzia adierazi dute Arabako Batzar Nagusietan.
Plataformako bozeramailea den Iñigo Hernándezen hitzetan, “Arabako Foru Aldundiari exigitu nahi diogu Sustapen Ministerioaren aurrean defendatu dezala, proiektu honek eragingo duen sarraski ekonomiko, sozial eta ekologikoaren ekiditea. Modu berean, gaur egungo trenbidearen modernizazioa ikertu dezala eskatu dute, “hirugarren hariaren teknologia baliatuz horretarako. Gauzak horrela, plataformak ere eskatzen duen tren soziala bultzatu daitekeela uste dugu”, adierazi dute.
Plataformaren iritziz, “benetako bide demokratiko bakarra eztabaida sozial serio bat egitea da, aldeko eta kontrako argudioak mahaiaren gainean jarriz eta informazio tekniko guztia jendartearen esku utziz”. Zentzu honetan, plataformak ez du zalantzarik: “Gaur egungo trenbidearen modernizazioa ikertzea eta hirugarren haria ezartzea da irtenbiderik zentzudunena”.
Alternatiba honen bitartez, bidaiaren denboraren aldea “huskeria bat” izango litzatekeela uste dute eta eragindako kaltea, aldiz, “esponeltzialki txikiagoa”. Modu honetan, “Lautadako jendarteak aspalditik eskatzen duen Tren Sozialaren proiektua bateragarria izango litzateke biztanleen mugikortasun beharrak asetzeko”.
Azkenik, “AHTrik EZ Lautada” Plataformak, martxoaren 16an, Eusko Legebiltzarraren aurrean antolatuko duen mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu dio Arabako biztanleriari.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!