AHT-ren aurka dauden plataforma ezberdinak Bruselan egongo dira datorren astean
AHT-ak Lautadan eragingo dituen kalteen berri eman diote Arartekoari, orain arte Plataformak egindako ibilbidea nabarmentzearekin batera. Otsailaren 6an eta 7an Bruselako Europarlamentuan egongo dira mahaiaren gainean dagoen proiektuak herrialdeari eragingo dizkion kalteen berri emateko.
Urtebete igaro da Espainiako Sustapen Ministerioak Euskal Y Iruñarekin lotzeko proiektua argitaratu zuenetik. Proiektu horretan, bi aukera jarri ziren mahaiaren gainean: abiadura handiko tren bat Nafarroako hiriburutik Ezkioraino edo Gasteiz eta Iruñea lotuko dituen trenbide berri bat Sakana eta Lautada zeharkatuz.
Lautadako kasuan, AHT-rik Ez lautada Plataformak Gobernuko ordezkaritzan 7.000 alegazio aurkeztu zituen proiektu honen aurka orain dela urtebete. Ekainean, berriz, Agurainen orain arte egindako manifestazio handienetako bat ospatu zuten, plataformari ere babesa erakutsiz.
Orain, urte hasiera aprobetxatuz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Arartekoarekin bildu da asteazken goizean AHT-rik Ez Lautada plataforma. Helburua Arartekoaren elkartasuna jasotzea izan den arren, “Lautadako herritar gehienen iritzia” helarazi nahi izan diote honi.
Bruselara
Hala ere, nahiz eta jasotako babes soziala oso handia izan den, administrazio publikoak oraindik ez du proiektua bertan behera utzi.
Urrats hori emateko, otsailaren 6an eta 7an Bruselako Europarlamentuan egongo dira AHT-rik Ez Lautada, AHT-rik Ez Sakana, AHT-rik Ez Arabako haranak eta AHT-rik ez Gasteiz plataformako kideak. Bertan, Europako Batzordearekin bilduko dira, Análisis Transdisciplinar del Modelo Ferroviario de Alta Velocidad txostena egin duten David Hoyos eta Gorka Buenorekin batera.
Hala Bedi-k ere espedizio honen berri emango du bi egun hauetan zehar Brusela bertatik.
Europako instituzioetatik haratago, datozen aste eta hilabeteetarako ekimen ezberdinak antolatu dituzte. Guztien artean, bat nabarmendu dute: maiatzaren 18an manifestazio “erraldoia” Gasteizen.
Datozen asteetan ekimen ezberdinak burutuko dituzte:
- Otsailaren 27an Aulas de la tercera edad hitzaldia.
- Martxoaren 23an mendi martxa Zaldiaran mendira.
- Martxoaren 28an Desobedientzia tailerra Errekaleorren. Julio Villanuevak emango du.
- Apirilaren 10ean politikarien inguruko mahaingurua Gasteizko Kanpusean (EHU).
- Maiatzaren 8an hitzaldia Aldabe Gizarte-etxean.
- Maiatzaren 18an manifestazioa Gasteizen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!