Aernnovako kaleratzeen aurka ehunka lagun mobilizatu ziren larunbatean
Aernnovako zuzendaritzak 101 langile kaleratu nahi ditu Berantevillako fabrikatik. Larunbatean manifestazioa burutu zuten langileek eta gaur, azaroak 30, 8 orduko lanuztea egingo dute.
Ehunka lagunek egin zuten bat larunbatean Aernnovako langileek deitutako manifestazioarekin. Zuzendaritzak 101 langile kaleratuko ditu Berantevillako fabrikatik, plantilla osoaren %22. Miñanoko plantetan ere kaleratzeak egingo dituztela iragarri dute.
Otsailean gauzatuko nahi dituzte kaleratzeak; horretaz gain gainerako langileen %15ari lan erregulazio espedientea aplikatuko zaio. Produkzioaren %37ko jaitsierarekin eta 42 milioi euroko galerekin justifikatu ditu Aernnovak hartutako erabakiak. Langileek, kontrara, aeronautika sektoreak bizi duen krisia “koiunturala” dela argudiatu dute.
Langileen ordezkariek kaleratzeen atzean enpresaren irabazi “eskandalagarriei” eusteko nahia besterik ez dagoela salatu dute. Aernnovak bost urtetan 290 milioi euroko irabaziak izan ditu.
Borrokan jarraituko dutela iragarri dute enpresa batzordetik. Gaur, azaroak 30, 8 orduko lanuztea burutuko dute eta abenduaren 3an ere greba eguna dute deitua.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!