Adi Emakumeak eta Matxintxuren sarea prest indarkeria matxistaren aurka
Elkarte horietako emakumeek boluntarioki hartuko dute parte Tartekari Sarean, tratu txarrak jasotzen dituztenei babesa, informazioa, orientazioa eta laguntza eskainiaz.
Aiaraldea.eus bidez / Aitor Aspuru
Urduñako Adi Emakumeak eta Orozkoko Matxintxu elkarteek parte hartuko dute Tartekari Sarea programan. Helburutzat bortizkeria pairatzen duten emakumeak detektatzea eta laguntzea dute. Sarea 70 eragilek osatzen dute eta Bizkaiko 37 elkartek bat egin dute ekimenarekin. Xedea da bortizkeria matxistarekin amaitzea eta emakume eta gizonezkoen arteko parekidetasuna sustatzea.
Elkarte horietako emakumeak boluntarioki batuko dira sarera, tratu txarrak jasotzen dituztenei babesa, informazioa, orientazioa eta laguntza eskaintzeko, adituak diren gizarte zerbitzuetara jotzeko aukera izan dezaten.
Modu horretan erraztu nahi dute hitz egiteko topagune babestua, konfidentziala eta pribatua; emakumea “seguruago” sentitu dadin. Bestalde, profesional espezializatu talde baten trebakuntza eta aholkularitza jasoko dute.
Telefonoak
Bi elkarteek eskura jarri dituzte telefono zenbakiak, nahi duenak dei dezan laguntza eske edo informazioa jasotzeko. Orozkoarren kasuan 688 727 188 da zenbakia, eta Adi Emakumeakena 688 727 187 izango da.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!