ADI! elkarteak babesa adierazi dio De Miguel auziko lekukoari
Ainhoa Alberdi lekukoak Gasteizko epaitegietan berriro deklaratu aurretik, babesa adierazi diote ustelkeriaren aurkako elkarteak deitutako elkarretaratzean. “Lekuko honen salaketarik gabe ez litzateke auzirik egongo”, adierazi du elkarteak.
Ia bederatzi urte igaro dira Ainhoa Alberdik Arabako fiskaltzari testigantza eman zionetik. Orduan, EAJko zenbait burukide Arabako Foru Aldundiko bulego batetik xantaia egiten ari zitzaizkiola salatu zuen abokatuak. Denbora tarte honetan lekukoak jasan dituen mendeku, presio eta deskalifikazio pertsonalak salatu ditu ustelkeriaren aurkako ADI! elkartea. “Ez dira nolanahikoak izan eta, gaur, asteazkena, berriro eman du aurpegia xantaiaren salaketa puntuz-puntu berresteko”, adierazi dute.
“Jakin badakigulako ustelkeria politikoa ez dela ofizioz ikertzen, kaltetutako herritarrak direla afera ilun hauek argitzeko beti lehen pausoa ematen dutenak. De Miguel makro-auzia ere honen erakuslea da, zeren testigu honen salaketarik gabe ez litzateke auzirik egongo”, berretsi du elkarteak.
Elkarretaratzearen aurretik, ADI!-ko Unai Mendizabal Araba Hizpiden egon da, lekukoaren paperaren berri ematen.
Erlazionatutako artikuluak
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!