Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan egingo dituzten murrizketak eteteko exijitu zioten atzo Eusko Jaurlaritzari
Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreformaren aurka ekimena egin zuten atzo Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartako eragileek Eusko Legebiltzarraren aurrean, urtarrileko Greba Orokorraren baitan antolatu duten lehenengo mobilizazioa.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileek protesta ekintza bat burutu zuten atzo Eusko Legebiltzarraren aurrean, EAJ eta PSE alderdiek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) murrizteko aurkeztu duen legea bertan behera uztea eskatuz.
EAJ eta PSE alderdiek tramitatu dute DSBEaren erreforma berria PPren babesari esker. Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek osatutako proposamen berriak DSBEra sartzeko baldintzak gogortu dituzte eskubideak murriztearekin batera.
Erreforma berriak etxebizitza bakoitzeko DSBE bakarra izatera mugatzen du, etxebizitza berdinean bizi diren pertsona guztiak bizikidetza-unitate bereko kidetzat hartuz tartean familia harremanik ez egon arren. Eskubide Sozialen Kartako eragileen iritziz “Eusko Jaurlaritzak mespretxatu egiten du errealitate gordina; izan ere, bizikidetza-unitateak etxebizitza partekatzera behartzen ditu, baliabide ekonomiko urriak dituzten eta alokairuen eta hipoteken prezio altuei modu independentean aurre egiteko gai ez diren pertsonak edo familiak direlako”.
Kontrol neurriak ere zorroztu nahi ditu Jaurlaritzak, “jende txiroaren gaineko etengabeko susmoa zabaltzen du, gizarte prestazioak jasotzen dituzten familiak kriminalizatuz” eragileen iritziz. Ikuspuntu feminista batetik ere atzerapausoak suposatuko ditu lege berriak “Tratu txarrak familian” terminoak ordezkatuko baitu indarkeria matxistaren kontzeptua, Eskubide Sozialen kartako Sinatzaileek horrela azladu dute: “Edukiz husten da emakumeok aurre egin behar diogun egiturazko indarkeria, eta “familia barruko indarkeria” kontzeptuaren ildoari jarraituz, eskuindar aberatsenak defendatuta, Vox buru dela”.
Erreforma honen aurrean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, balioan jarri du 51.000 pertsonek sinatutako Herri Ekimen Legegilea, Eusko legebiltzarrak atzera bota zuena EAJ, PSE eta PPren babesarekin. Herri ekimen legegileak DSBEaren erreformaren osoko zuzenketa egitea exijitzen zuen.
Pobrezia, etenik gabe hazten den gaitza
Pobreziari aurre egiteko lege berri bati ateak itxi dizkio Eusko jaurlaritzak errefroma berri honekin. Datuak kezkagarriak dira, 70.348 pertsonan pobrezia-egoeran bizi dira DBSE jaso arren etapobrezian bizi diren beste 60.617 pertsonek ez dute Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzeko aukerarik. Pobrezia-arriskuan bizi diren pertsonen kopurua %41,4 igo da 2008az geroztik, egun 172.307 euskal herritar dira egoera horretan bizi direnak.
Hilabete amaierara iristeko zailtasunak dituzten pertsonen kopuruak ere gora egiten jarraitzen du etengabean, azken bi urtetan %22,9 hazi da, orotara 484.571 pertsona.
Greba orokorra ortzimugan
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragileek Greba Orokorra deitu dute datorren urteko urtarrileko bigarren hamabostaldirako “Lan, bizitza eta pentsio duinen alde”. Atzoko mobilizazioa Greba Orokorraren deialdiaren baitan burutzen den lehenengo mobilizazioa izan zen. Hurrengo aste eta hilabeteetan Eskubide Sozialen Kartako eragileek mobilizazio eta ekimen gehiago iragarri dituzte.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!