Muinoko etxeko soinu eta irudiek Arte Eskolan egingo dute topo urrian zehar
Gaur zabalduko ditu auteak Muinoko Hotsak egitasmoaren kartel, argazki eta sarreren erakusketak Arte eta Ofizio Eskolan, Montauk Duoren kontzertuarekin batera.
Gasteizko Gaztetxeak eta Hala Bedi irratiak elkarlanean antolatutako “Muinoko Hotsak” egitasmoaren kartel, argazki eta sarreren erakusketak ateak zablduko ditu gaur, arratsaldeko 19:30etan, Arte eta Ofizio Eskolan eta Montauk Duo bikoteak kontzertua eskainiko du . Urriaren 31a bitarte bisitatu ahalko da erakusketa.
Dozenatik gora kontzertu antolatu ditu egitasmoak dagoeneko. Gasteiz edo Arabako talde batek eta kanpoko beste banda batek osatu dute kontzertu bakoitzaren kartela. Besteak beste Sumision City Blues, Anari, The Dealers, Joseba Tapia, Inoren Ero Ni, Vicepresidentes, Moonshakers, Kabbalah, Willis Drummond, Kaskezur, Joseba B. Lenoir, Libe, Anestesia, Lumi, eta beste hainbat igaro dira Gaztetxeko oholtzatik “Muinoko Hotsak” egitasmoaren eskutik.
Zaintza eta gustu ona
Musikari ugarik parte hartu dute egitasmoan eta bertan parte hartzen zuen taldeen zaintza oinarrizkotzat izan dute beti. Zaintza horren barruan kokatzen dute kontzertuak iragartzeko karteletan eta zuzenekoen argazkietan arreta berezia jartzea. Kartel eta argazki hauek dira, hain zuzen, Arte eta Ofizio Eskolan ikusgai egongo direnak.
Elkarlan estu baten fruitua
80 ko hamarkadan Gasteizen bizi izan zen eztanda kulturalean sortutako bi proiekturen elkarlanez sortutako egitasmoa da “Muinoko Hotsak”: Gasteizko Gaztetxea eta Hala Bedi irratia. Proiektu bakoitzak bere bidea egin duen arren eskutik estu helduta egin dute aurrera eta ugariak izan dira bien artean garatutako proiektuak.
Horren adibide dira “La casa de la colina”, “Ahuntzaren Eztula” eta “Muinoko uhinak astintzen”, gazte asanbladako kideek sortu eta ekoiztutako irratsaioak. Hain zuzen ere, duela bi urte t’erdi, azkenengo irratsaio horri itzali ostean sortu zen “Muinoko Hotsak” egitasmoa, “izena bera ere, garai bateko irratsaio haien omenaldi gisa ulertu behar da” azaldu dute proiektuaren sustatzaileek
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!