Hizkuntza behaketa egingo da Gasteizko Jazzaldian, euskararen erabilera neurtzeko
Udalak diruz lagundu edo babesten dituen beste hainbat ekitalditan ere egingo da behaketa
Hizkuntza behaketa, Gasteizko Jazzaldian ezezik, udalak diruz laguntzen dituen edo kontratu zein hitzarmenen bidez, babesten dituen ekitaldietan egingo da. Gasteizko Udalaren Euskara Elkarguneak proposatu du, eta lanaren ardura Bai Euskarari Elkartearena izango da.
Behaketa burutzeko, Gasteizko Jazzaldiko kontzerturen batera joatekoak diren herritarrei deialdia egin zaie, hizkuntza erabileraren behaketa egin eta galde-sorta bat bete dezaten.
Gune ezberdinetan egingo diren ekintzetan erabiltzen diren hizkuntzei erreparatuko zaie: informazio bulegoetan, Jazzaldian zehar egingo diren ekitaldietan, komunikabideen aurreko aurkezpenetan, banatuko diren euskarrietan, kale-ekintzetan, Mendizorrotzako eta Principal Antzokiko kontzertuetan, besteak beste.
Hizkuntza paisaiaren eta bestelako euskarrien argazkiak, bideoak, etab. jasotzeko aukera ere izango da.
Beste hiri batzuei jarraituz
Horrelako behaketak egin izan dira beste hiri eta ekitaldi batzuetan ere. Donostiako Bagera elkarteak, adibidez, badaramatza zenbait urte horrelako behaketak egiten. Bai Euskarari Elkarteak, eskerrak eman nahi izan dizkio Bagera elkarteari, “Gasteizko Jazzaldirako galdetegia prestatzen eskainitako laguntzagatik”.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!