Debekuak-debeku, Arabako Gizarte Zerbitzuetan ematen den prekarietatea salatu dute sindikatuek
Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusi izendatuko duten egunean, LAB, CCOO eta ESK sindikatuei elkarretaratze bat egitea eragotzi diete.
Uztailaren 4an, ostegunean, Arabako Aldundiko Diputatu Nagusiaren kargu-hartzeko bilera ospatuko da. Sindikatu ezberdinek –LAB, CCOO eta ESK-, ordea, data aprobetxatuta, Arabako Gizarte Zerbitzuetan ematen ari den “egoera prekarioa” salatzeko elkarretaratze bat zuten deituta; debekatu dieten elkarretaratzea.
Espazioa -Probintzia Plaza- hartuta dagoela jarri zieten aitzakitzat sindikatuei, baina eskatu dituzten beste leku batzuei ere ezetz esan zieten “politikoek hartutako lekuak zirela” argudiatuta. Sindikatuek, gainera, erantzuna soilik telefonoz jaso dutela gaitzetsi dute, idatziz beharrean. “Mehatxua ere jaso genuen: elkarretaratzea egiten bagenuen, isunak izango genituela”, salatu dute Probintzia Plazatik gertu egindako agerraldi batean.
Elkarretaratzearen asmoa, argia zen: Arabako Foru Aldundiak gizarte zerbitzuen gestioaren gehiengoa esku pribatuen esku uztea erabaki duela. “Zerbitzu hauek, diru publikoarekin ordaintzen dira eta gestio pribatuetako enpresen eskuetan uzten dira”, gaitzetsi dute.
Bizitzak, erdigunera
LAB, CCOO eta ESK sindikatuen iritziz, argi dago zein den arrazoi nagusia elkarretaratzea oztopatzeko: “EAJ eta PSE alderdiek argazki faltsu bat nahi dute, haien politikek eragiten dituzten errealitateak bertan ez agertzeko”.
Bide batez, Ramiro Gonzalez jeltzaleari ez direla isilduko esateko baliatu dute agerraldia: “Azken lau urteetn zerbitzu sozialen pribatizazioarekin jarraitzen baduzue, aurrean izango gaituzue”.
Zentzu honetan, sindikatuen iritziz desparekotasunarekin bukatzeko bide bakarra “pertsonen bizitzak eta duintasuna erdigunean” jartzea da. “Premiazkoa da”, amaitu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!