Beharrezkoa zen auzolan batekin amaitu da Zaharraz Harro
Amaiera jaialdian ekimen berezia egin zuten Hala Bedi Irratian.
Amaitu dira Zaharraz Harro! jaiak, Gasteizko Alde Zaharreko jai herrikoiak. 80 ekimen inguru egon dira aste osoan zehar: kontzertuak, tailerrak, ginkanak… Astelehenean, Bollerias plazari izen berri hori jarri zioten eta ostiralean igerileku herrikoia martxan jartzea lortu zuten, igandera arte irekita egon zena.
Igandean bertan, amaiera jaialdian eta Hala Bedi parean dagoen Irrati Libreen plazan jaialdia zegoen bitartean, irrati pareko zebrabidea margotu zuten bizilagunek.
Izan ere, denbora luzea darama Hala Bedik Gasteizko Udalari zebrabidea margotzeko eskatzen. Seinale bat dagoen arren, zebrabidea ez zegoen margotuta eta kotxeek ez zuten hau errespetatzen, arrisku egoera bat sortzen irratira hurbiltzen ziren guztienganako.
Orain, berriz, zebra bat irudikatuz zebrabidea margotu dute Hala Bediko eta Arrosa Sareko irratsaioari (Zebrabidea) keinu bat eginez.
Gasteizko Alde Zaharrak, bien bitartean, badu zebrabide berri bat. Oraingoan, herritarrek euren kabuz egindakoa. Haiek nahi eta behar zutelako.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!