Etxegabetze asko eragin duen IRPH indizearen auzia Europara iritsiko da, Arabako kasu batengatik
Arabako auzitegiak Europara eramango du IRPH klausulen inguruko auzia. Espainiako Auzitegi Gorenak, epaileen arteko desadostasun handiekin, atzera bota zuen Arabatik emandako epai bat, zeinak indize hipotekarioa baliogabetzat jo zuen.
argia.eus bidez
Etxegabetze askoren atzean dago IRPH indizea: herritar batek hipoteka-kreditu bat eskatzean, indize hori erabili zuten zenbait finantza erakundek kalkulatzeko zenbat interes ordaindu behar zituen bezeroak. Baina IRPH Stop Gipuzkoa plataformak azaldu izan duenez, IRPH indizeek Euriborraren oso gainetik egin zuten gora, eta kaltetuek euren maileguan hilean 300 euro baino gehiagoko gainkostua hartu zuten beren gain. Askok ezin izan zioten horri aurre egin, eta ondorioz etxea galdu zuten.
Indizearen gardentasun falta nabarmendu izan dute bezeroek eta Arabako Probintzia Auzitegira eramandako kasu batek arrazoia eman zion Kutxabankekin hipoteka-kreditua zeukan pertsona bati. Arabako tribunalaren arabera, “abusuzko” izaera zuten bai erreferentzia-indizeak, baita haren ordezkoak ere; baita gardentasun falta ere. Hortaz, Kutxabanki agindu zion interes gisa kobratutako diru-kopurua itzul ziezaiola.
Baina Kutxabankek epaia Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuen, eta honek emandako sententzia kolpe handia izan zen IRPH indizeak kaltetutako pertsonentzat. Espainiako epaitegiak, desadostasun handiekin izan bazen ere, IRPHa ontzat eman zuen. Bi epailek boto partikularra eman zuten ordea, esanez indize horren aplikazioak ez duela gardentasun kontrola gainditzen eta Europar Batasuneko zuzenbidearen aurkakoa dela.
Hain zuzen, Europar Batasuneko Justizia Auzitegira eramango du gaia Arabako auzitegiak. Ekimen horren xedea da EBko tribunalak irizpideak ezar ditzala IRPHaren aplikazioaren legezkotasunaz, epaitegien arteko desadostasunekin bukatzeko. Indize polemikoaren inguruko gatazkak Europan jarraituko du beraz, aurrerantzean.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!