Hezkuntza publikoko langileen greba arrakastatsua Araban
Arabako unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko langileen %80ak egin du greba. Udazkenean egon diren sektorekako grebei amaiera eman diete greba bateratuarekin, baina mobilizazio gehiago aurreikusten dira.
Mugimendu gutxi ikastetxe publikoetan, jantokiak itxita, garbitzailerik ez institutuetan… Abenduaren 12an, unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko sektore guztietako langileek batera egin dute greba. Sindikatuen datuen arabera, langileen %80ak egin du greba. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan grebaren jarraipena %70etik gorakoa izan da. Aipatzekoa da ere Arabako haurreskola partzuergoko datua: % 90ak egin du greba.
Arrazoia sinplea da: lan baldintzak hobetzea eskatzen dute, modu orokorrean.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin dituzten negoziaketek ez dute aurrera egiten. Hori dela eta, mobilizazio dinamikek aurrera jarraitzeko asmoa azaldu dute sindikatu nagusiek. Krisiaren aitzakian administrazioak “murrizketak betikotu” nahi dituela salatu dute ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek, zenbait eskaera mahaiaren gainean jartzearekin batera: hezkuntza inbertsioa gutxienez Europar Batasuneko batez bestekora handitzea, ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztea, gutxienez 2.000 langile gehiago hartzea, gelako ikasle kopurua %10era jaistea eta ordezkapenak lehen egunetik egitea.
Uda aurreko mobilizazioei indartsu eman diete jarraipena udazkenean ere. Irailetik, elkarretaratzeak, salaketa egunak, itxialdiak, borroka asteak eta sektorekako greba egunak egin dituzte. Hemendik aurrera, baliteke mobilizazioek etenik ez izatea.
Argazkiak
Hezkuntza aldapan gora
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!