Azaroak 25: autodefentsa, ahalduntzea eta salaketa feminista
“Zure egia gurea eginez” lelopean emakumeen hitzaren balioa aterako dute kalera Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunean. Hainbat deialdi izango dira Araban, egun eta formatu ezberdinetan, baina larunbateko mobilizazioak izango dira nagusi.
Azaroaren 25eko Gasteizko Koordinadora feministak larunbateko mobilizazioak aurkeztu ditu Arabako hiriburuan. “Zure egia gurea eginez” lelopean, mugimendu feministak elkarren aitortza egiten duela eta elkarri sinesten diola nabarmendu nahi izan du.
Gogoratu dutenez, “erasoak gure egunerokoan” daude. Horretarako, datu ezberdinak jarri dituzte mahaiaren gainean: azaroan soilik -hilabetea amaitu gabe- bederatzi gizon atxilotu dituzte Gasteizen indarkeria matxistagarik, “baina erasotzaileak askoz gehiago dira”.
Auzitegiak, poliziak, hedabideak… izan dituzte hizpide. Izan ere, horiek erasotzaileak babesten dituztela salatu dute: “Patriarkatuaren oinordekoak dira. Bortizkeria normaltasun osoz praktikatzen dute eta euren erasoak zigor gabe geratzen dira”.
Emakumeen hitzak balioa duela nabarmendu nahi izan dute agerraldian: “Guk elkar aitortzen dugu. Guk elkarri sinesten diogu. Gure hitzak balioa dauka”. Zentzu horretan, emakumeen gorputzak “guda zelai” gisa definitu dituzte, sexu-genero kondizioagatik jasaten dutena.
“Menderatuak, kontrolatuak, isilduak, esanekoak, errudunak, lotsatuak eta erailak nahi gaituzte. Gu, ordea, elkarrekin gaude. Gutako bat ukitzen badute, guztiok erantzuten dugu”, ohartarazi dute.
Deialdiak Araba osoan
Hiriburu guztietan bezala, Gasteizko manifestazioa larunbat arratsaldean izango da. 18:30etan abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazatik. Aiaraldean, Otsemeak gazte eragile feministak ekimen ezberdinak antolatu ditu azaroaren 24tik abenduaren 2ra; Aiaraldean bertan, Laudioko Gaztetxean, Egun Feminista antolatu dute. Beste zenbait deialdi izango dira Urkabustaizen eta Mendialdean. Gasteizko Kanpusean, ostegunean, iaksle egun feministaren baitan, manifestazioa egin zuten fakultatez fakultate.
Deialdiak:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!