Udaberrian okupatutako Kutxi eta Pinto blokeetako gazteak epaituko dituzte datozen egunetan
Ekainaren 29an eta uztailaren 3an epaituko dituzte. Elkarretaratzeak egingo dituzte epaiketa egunetan.
Apirilean iragarri genuen Hala Bedin: Gasteizko Ensanche 21 elkarte publikoaren hiru eraikin okupatu zituzten. Gazteek emantzipaziorako dituzten arazoei irtenbide puntual bat eman zioten horrela, elkarte publikoaren plan urbanistikoa salatu nahi zuten bitartean. Lehenengo egun eta aste horietan, gazteek poliziaren bisita ezberdinak izan zituzten Kutxi, Txikita eta Pinto kaleetan okupatutako bloke ezberdinetan.
Hilabete bat beranduago eman zuten epaiketen berri, Gazte Emantzipaziorako Sarearen aurkezpenean: ekainaren 29an eta uztailaren 3an izango dira epaiketak. Ostegunean, ekainaren 29an, Kutxi kaleko bi gazte epaituko dituzte guztira; astelehenean, uztailaren 3an, aldiz, Pinto kaleko gazteak izango dira epaituko dituztenak. “Hutsegite arina” leporatzen diete gazteei, “ondasun higiezina okupatzeagatik”.
Orain dela hilabete batzuk okupatu zituzten etxebizitza horiek “etxebizitza sozialak” direla berretsi dute gazteek -hori zen hasiera batean etxebizitza horien funtzioa, Ensanche 21en arabera-. Bitartean, herritarrei proiektua babesteko deia egin zieten; gazteei, aldiz, proiektuan parte hartzeko gonbidapena luzatu zieten. “Etxebizitza Gasteizen negozio izan beharrean, behingoz eskubidea den lehenengo hiria izatea” nahi du GESek. Eskubide hori okupazioaren bitartez eskuratuko dutela azpimarratu dute eta desalojatzen saiatzen badira, beste etxebizitza bat okupatuko dutela konfirmatu dute.
Elkarretaratzeak
Epaiketako egunetan elkarretaratzeak egingo dituzte: ekainaren 29an 11:00etan eta uztailaren 3an 12:00tan. Mobilizazioak iragartzeko bideo bat eta kartel bat zabaldu zuten San Juan bezperako suen kontestuan.
Bideoa:
Etxegabeon etxeen suak argituko du Gasteiz berria.#etxebizitzaGESkubidea#localizatuspuntosGES#algosestaGEStando#GESkupealalcalde pic.twitter.com/3XegRnAnDh
— GES (@GESGasteiz) June 24, 2017
Kartela:
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!