De Andresen mesederako, Udalak Judimendi auzoa bakarrik utzi duela salatu dute
Judimendiko auzokideek gogor salatu dute jaietan Udalaren partetik izan duten utzikeria; soilik hiriburuaren zentroan duen interesa salatu dute.
Judimendiko gazteek San Juan suen osteko egunean zaborra jasotzen ikusteak kritika eta erreakzio ugari sortu ditu sare sozialetan. Ekainaren 23ko gauean, ohikoa den moduan, milaka herritar hurbildu ziren auzora; aurtengoan, aldiz, Udalak ez zuen zaborra jaso hurrengo egunean. Hori dela eta, ekainaren 24an, Gazte Egunean, Judimendiko gazteek zaborra jasotzeari ekin zioten, parkea betetzen zuten botila, plastiko eta edalontzi ezberdinak bilduz. Haserrea sortu du “utzikeria” honek auzoan, gazteen eta ez hain gazteen artean.
Baina ez da haserrea sortu duen bakarra. Izan ere, ekainaren 23ko goizean, Ertzaintza auzora hurbildu zen auzoko lau presoen irudiak kentzeko. Irudiak kentzeaz gain, Kalera kalera txosnako pankartak kendu zituzten, eta asteburu guztian zehar, parkean zegoen zaborra kendu ordez “auzoko pankartak garbitu izana” salatu dute auzokideek. “Soilik De Andresen mesedetara egotea eta auzotarren nahiei ez erantzutea” leporatu diote Gorka Urtaran Gasteizko alkateari. Judimendiko gazteek helarazitako salaketa berdinean, “Urtarani soilik hiriaren erdigunea interesatzen zaiola” krtikatu dute: “Auzoko presoen pankartak kentzeko daukan presa eta horretarako parkea zikin uzteko kapaz dela erakutsi du Gasteizko alkateak”.
Hala ere, ez da Judimendiko jaietan egon den gabezia bakarra. Jaietara hurbildu diren herritar ezberdinek gogor salatu dute sare sozialetan komun publikorik ez egotea.
"Udalaren utzikeriaren aurrean", Judimendiko gazteek auzoa garbitu dute. Soilik "pankartak garbitu" dituztela salatu dute. pic.twitter.com/e2iffklfO2
— Hala Bedi (@halabedi) June 24, 2017
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!