Etxebizitza politika salatu eta okupatzeko deia egin du GESek bere aurkezpenean
Azken okupazioen bitartez, “etxebizitza politika salatu” nahi dutela adierazi dute. Etxebizitza duin bat bermatuta ez duen orori okupatzeko deia luzatu diote, kazetari eta hedabide ezberdinen jarrera salatuz.
Gazte Emantzipaziorako Sarea aurkeztu dute Gasteizen. Duela aste batzuk, Pinto 20, Kutxi 92 eta Txikita 14 kaleetako blokeetan bizi diren gazteetako batzuk dira hauek. Hala ere, badaude beste eragile batzuk, tartean, Errekaleor Bizirik! edo Arkillos. Gainera, alde zaharreko zenbait norbanakoen babesa ere izan dute agerraldian.
Azken mugimenduen aurrean, Gorka Urtaran Gasteizko alkatearen jarrera salatu dute, Errekaleor auzoan argia mozteagatik: “150 pertsona argirik gabe milioika € irabazten dituen enpresaren onurarako”. Gainera, ekainaren 3an auzo hau defendatzeko deia egin dute gazteek, manifestaziorako deia eginez.
“Kasualitatez sei urtez blokeaturik egon den proiektua, hiru bloke hauen okupazioa eman eta egun gutxitara jarri nahi izan dute martxan”
Alde zaharreko blokeei dagokionez, “Ensanche 21ek azken urteetan espekulaziorako erabili dituen alde zaharreko eraikinak” direla gogoratu dute. “Kasualitatez sei urtez blokeaturik egon den proiektua, hiru bloke hauen okupazioa eman eta egun gutxitara jarri nahi izan dute martxan”, salatu dute, “etxebizitza duin bat izateko eskubidea kriminalizatuz”. Gainera, udal taldeen “utzikeria” eta “gazteenganako arduragabekeria” salatu dute. Modu honetan, gazteei geratzen zaien aukera bakarra “gazteoi bideratuta zeuden etxebizitzak gure kabuz haienak egitea dela” aldarrikatu dute. “Nola liteke alokairu sozialerako etxe batzuk sei urtez hutsik egotea?”, gehitu dute.
Uztailak 3, epaiketa
Alde zaharreko blokeak okupatu zituzten gazteak epaituko dituzte uztailaren 3an. Orain dela aste batzuk okupatu zituzten etxebizitza horiek “etxebizitza sozialak” direla esan dute -hori zen ahsiera batean etxebizitza horien funtzioa, Ensanche 21en arabera-. Bitartean, herritarrei proiektua babesteko deia egin diete; gazteei, aldiz, proiektuan parte hartzeko gonbidapena luzatu diete. Hala ere, kritikak ere izan dituzte: kazetari eta hedabide ezberdinen jarrera salatu dute, “eskubide bat dena kriminalizatzeagatik”.
Amaitzeko, “etxebizitza Gasteizen negozio izan beharrean, behingoz eskubidea den lehenengo hiria izatea” nahi du GESek. Ekubide hori okupazioaren bitartez eskuratuko dutela azpimarratu dute eta desalojatzen saiatzen badira, beste etxebizitza bat okupatuko dutela konfirmatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!