Siriako eta Kurdistango herrien askatasunaren aldeko borroka
Azken egunetan, HTS talde salafista faxistak Damaskora iritsi eta Siriako gobernuaren erorketa eragin du, egoera are gehiago okertuz. Era berean, Israelgo estatu sionistak Siriako egitura estrategikoak suntsitzen jarraitzen du, Golan aldeko lurralde okupatuak are gehiago zabaltzeko helburuarekin.
Turkia ere ez da atzean geratu. Bere armadaren eta SNA aliatuaren bidez, Rojavako Iraultza Mugimenduari zuzenean erasotzen ari da, Manbij eta Kobane bezalako eskualdeak mehatxatuz. Eragileen arabera, NATO eta Mendebaldeko botereek Turkiaren eta Israelen jarduera hauen aurrean konplizitate zuzena erakusten dute. “AEBk, Europar Batasunak eta Erresuma Batuak euren interes geopolitikoak lehenesten dituzte, herrien sufrimendua alde batera utziz”, adierazi dute.
Egoerak luzaroan jarraitu duen arren, testuinguru hau are gehiago larriagotu dela azpimarratu dute eragileek. Horren aurrean, Siriako eta Kurdistango herrien aldeko elkartasun internazionalista ezinbestekoa dela aldarrikatu dute.
Euskal Herritik elkartasun aktiboa
Gasteizko eragileek azpimarratu dutenez, Euskal Herritik mobilizazio aktiboak antolatu eta presio soziala egin behar da. “Siriako eta Kurdistango herriei babesa adieraztea garrantzitsua da, baina, era berean, Euskal Herrian bertan inperialismoarekin lotutako egiturei aurre egitea ere ezinbestekoa da”, ohartarazi dute.
Herrien askapenaren aldeko borroka kolektibo honetan parte hartzeko deia egin dute. “Ez dago beste aukerarik; elkartasunak gure borroka globalaren parte izan behar du”, azpimarratu dute eragileek.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!