Judimendiko A ereduko eskola D ereduko bihurtuko dute auzoko gurasoen ekimenez, eskola estigmatizazioaren aurka
“Segregazioa apurka-apurka amaitzea denon nahia da, eta gurasoen inplikazioa eta konpromisoa gakoa da bide horretan" adierazi dute auzokideek. Orain dela urte batzuk hasi ziren D eredurako saltoa ematen saiatzen, orain lortu dute, eta aurtengo matrikulazio kanpainan aldaketa handia nabaritu da dagoeneko.
Ramón Bajo Gasteizko Alde Zaharreko eskolak ere D eredura salto egin zuen gurasoen ekimenez, eskola segregazioaren aurka. Ramon Bajoko esperientziaren arabera, aurrez ikastetxean zegoen ikasle profila eskolan gelditu egin zen eta euskaradun familiak batu ziren proiektura. Auzoko eskola publikoan D eredurik ez izatea da arazoa, azken finean.
ARGIAn eman duten albistearen arabera, A eredukoa izanik, ikasleak jatorri atzerritarreko familien seme-alabak edo etxean erdaraz bizi direnak dira Judimendiko eskolaren kasuan zehazki. Mikel Garcia Idiakez kazetariaren arabera, batzuetan, guraso erdaldunek uste dute euskarazko ereduan ez direla gai izango seme-alaba behar bezala laguntzeko (maiz damutu egiten dira ondoren, haurra euskaraz eskolatu ez izanagatik), eta beste asko, behin ikasturtea hasita iritsi direnak, zuzenean A ereduko ikastetxera bidali ditu Hezkuntza sailak, beste alternatibarik eman gabe.
Auzoko guraso euskaldunen seme-alabak ere erakarri eta segregazioari kontra egin asmoz, ordea, D eredura pasako da Judimendiko eskola: 2 urteko mailan hasiko da, eta pixkanaka, urte batzuen buruan, maila guztiak hartuko ditu euskarazko murgiltze ereduak. D eredua lehen aldiz izango duen ikasturterako, izena eman duten familien erdia euskaradun gurasoak izateak erakutsi du apustuaren arrakasta. Edonola ere, urte batzuk behar izan dituzte behingoz Eusko Jaurlaritzak baimena emateko.
“Beste eskolen esperientzietatik abiatu gara eta hausnarketa egin dugu; erronka polita dator, publikoa, anitza eta euskaraz; egungo errealitatea anitza da eta denok gara aldaketa horren parte, denok egin behar dugu bat”, esan dio Amaia Zudaire eskolako zuzendariak ARGIAri. Judimendi eskola auzoaren errealitatearen isla dela dio zuzendariak, errealitate anitza, aberastasunetik ulertuta.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!