Anbulantzietako langileen grebaren “kriminalizazioa” salatu dute sindikatuek
Hainbat mediok zabaldu dute gaur larrialdikoa ez den zerbitzuko zazpi anbulantzia saboteatu dituztela Gasteizen. Sindikatuek aho batez adierazi dute lehenago ere ez direla ekintza horien arduradun eta modu bat dela "benetako eztabaidatik arreta desbideratzeko". Hedabideen desitsuraketa eta langileen aurkako kriminalizazioa salatu dute.
Osasun garraioko langileen greba jarraipen zabala izaten ari da. Hitzarmen autonomikoa 2021ean amaitu zen, eta orduan hasi zen bigarrenaren negoziazioa. Proposamen onargarririk jaso ez, eta mobilizazioei ekin zieten langileek. Oraingoz, urrian, azaroan eta abenduan hiruna greba egun egin dituzte, eta lau urtarrilean. ELA, LAB, LSB-USO, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek egin dute deialdia eta oso zabala da izaten ari den jarraipena.
Azpikontratatutako zerbitzua da eta langileen egoera “oso kaskarra da zentzu askotan”, ELA sindikatuko ordezkariaren arabera, enpresak gastuak murrizten saiatzen direlako, langileak itoz. Baliabide falta “oso kezkagarria” dela ere azaldu du ordezkariak. Eusko Jaurlaritzaren ardura falta seinalatu dute. Era berean, EAJ osasun sistemaren “desegite programatua” aurrera eramaten ari dela gogorarazi du sindikatu horretako ordezkariak, sistema pribatuaren mesedetan.
Zer eskatzen dute langileek?
Soldata berdintasuna eta azpikontratazioak bukatzea eskatzen dute anbulantzietako langileek. “Lan berberari soldata berberak dagozkiola jarri nahi dugu mahaiaren gainean”, azaldu diote Hala Bediri. “Eta hori Osakidetza osoan. Hori eta langile hauek zuzenean Osakidetzaren langileak izatea. Nafarroan adibidez horrela da. Eusko Jaurlaritzari azpikontratatzeko joerari amaiera ematea eskatzen diogu”.
Kriminalizazioa
Hainbat mediok zabaldu dute gaur larrialdikoa ez den zerbitzuko zazpi anbulantzia saboteatu dituztela Gasteizen. Gertakariak goizaldean izan dira, La Pau kooperatibak Gamarran dituen instalazioetan. EAEko beste herri batzuetan ere eman dira sabotajeak. Sindikatuek aho batez adierazi dute ez direla ekintza horien arduradun eta modu bat dela “benetako eztabaidatik arreta desbideratzeko”. Hedabideen desitsuraketa eta langileen aurkako kriminalizazioa salatu dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!