Azoka handia larunbatean Miguel de Cervantes herri eskolaren 50. urteurrenean
“Auzoan erein, auzoan loratu” lelopean jolasak, postuak musika emanaldiak eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte. Ateratako dirua ikasleengan euskara sustatzeko erabiliko da.
50 urte bete ditu aurten Ariznabarrako Miguel de Cervantes herri eskolak. Hori ospatzeko ekintza ugari antolatu dituzte urtean zehar eta, “ikasturtea borobiltzeko” azoka handi bat antolatu dute larunbat honetarako, ekainaren 10erako. Goizeko 11:00etatik 14:00etara izango dira eskolako sarrera nagusian, Ariznabarra kalean, eta eskaintza oparoa izango dute bertan: era guztietako postuak, haurrei zuzendutako jolasak, txapa sorkuntza, musika emanaldiak etab.
Egunaren helburuetako bat ongi pasatzea izango da, noski, baina azokatik ateratzen duten diru guztia hurrengo ikasturtean ikasleak Euskal Girotze Barnetegietara joateko erabiliko dute. Auzoko eragile ugarik hartu dute parte azoka egunaren antolakuntzan, Ariznabarra Berpiztuk, Ariznabarra-Hegoalde zonaldeko kale hezitzaileek, Ariznabarrako futbol taldeak edota auzoko ludotekak.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!