Oinharri eskolak Formakuntza Barnetegia egingo du uztailean Errekaleorren
Izen emateko epea zabalik dago jadanik, "Teoria eta praktika politikoa elkarbizitzan uztartzen" formakuntzarako. Materialismo dialektikoan eta formakuntza integralean oinarritutako metodo politiko-pedagogikoa eskaintzen dute.
Lau urte daramatza martxan Oinharri Eskolak, “herri mugimenduarentzako eskola politiko berria” eraikitzen. Udaberrian zehar hainbat formakuntza asteburu egin ondoren, Oinharriren metodologiaren jarduera nagusia den Formakuntza Barnetegia aurkeztu dute, uztailaren 15etik 23ra burutuko dutena Errekaleor auzoan.
Metodo politiko-pedagogikoa ardatz hartuta egiten dute formakuntza Oinharri Eskolan, bizipenetan eta integraltasunean oinarrituta. Metodoa Brasilgo MST mugimenduak duen Florestan Fernandes Eskolatik ekarri dute, materialismo dialektikoa eta formakuntza integrala lantzen dituzte han, eta Euskal Herrira egokitzeko asmoa du Oinharrik. Euskal Herriko “herri mugimenduko antolakunde eta militanteentzako eskola politikoa” izan nahi du, antolatzaileen esanetan.
Azken hiru urteetan bi Formakuntza Barnetegi garatu ditu, bat Amaiur herrian 2019an eta Errekaleor auzo askean bestea 2021ean. Aurten hirugarren Formakuntza Barnetegia garatuko du “Teoria eta praktika politikoa elkarbizitzan uztartzen” izenburupean, uztailaren 15etik 23ra, Errekaleorren.
Barnetegiak formakuntza eta praktika politikoa eskainiko ditu eta produktu lokalak erabiliko ditu otorduetan. Haurrentzako formakuntza ere eskainiko du, gurasoak haurrekin etor daitezen. Parte-hartzea eskolak berak finantzatuko du. Antolatzaileek diotenez, “parte-hartzaileek jarri behar duten gauza bakarra motibazioa da”.
Udan burutuko den Formakuntza Barnetegian izena emateko, martxan jarri duten web orriaren bidez egin daiteke (oinharrieskola.eus > Parte hartu > Barnetegian). Gehiago jakiteko, “Oinharri Eskola” izenarekin sare sozial ezberdinak dituzte eskura, Mastodon, Twitter eta Instagram edo Telegramen.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!