Osakidetzako bigarren greba egunak % 65eko jarraipena izan du
Arabako landa-eremuko lehen arretan langileen % 80ak egin du greba. Zerbitzu ugari itxita egon dira, gehiegizko zerbitzu minimoen salaketa artean.
LAB, ELA, SATSE, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako grebaren bigarren eguna izan da gaurkoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun publikoan. Atzo baino jarraipen handiagoa izan du grebak, % 65ekoa sindikatuen esanetan, atzo % 50ekoa izan ondoren. Eguerdiko 12etan manifestazio jendetsuak burutu dituzte EAEko hiru hiriburuetan.
Jarraipen zabala izan du grebak, bereziki lehen arretan. Sindikatuen ustez, lehen arretan grebak izandako arrakastak “agerian uzten du, beste behin ere, arreta-maila horrek jasaten duen egoera larria, baita langileen haserrea ere”. Arabako landa-eremuko lehen arretan, adibidez, % 80ko jarraipena izan du grebak.
Beste zerbitzu asko ere itxita edo zerbitzu minimoetan egon dira. Zaramaga, Lakua-Arriaga, Salburua eta SanMartingo osasun-zentroak itxita egon dira, eta Santiago Ospitaleko izpien zerbitzua ere bai. Arabako ESIko ebakuntza-gelak urgentzietarako soilik egon dira funtzionatzen.
Gehiegizko zerbitzu minimoak
Greba deitu duten sindikatuek salatu dute Lan-sailak ezarritako zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan direla. Ondorioz, milaka langile greba eskubiderik gabe geratu dira. “Kolektiboaren greba eskubidea neutralizatzeko eta erasotzeko beste ahalegin bat” izan da, sindikatuen esanetan. Bestalde, Zerbitzu Zentralak ESIetako zuzendaritzei agindu die sindikatuei ez emateko grebaren jarraipenaren daturik. Osakidetzaren “opakutasuna” salatu dute deitzaileek.
Osakidetzak grebaren jarraipen datuak manipulatzen ditu, sindikatuen ustez. Izan ere, jarraipenaren ehunekoa kalkulatzeko ez dute kontutan hartzen langile askok ezin dutela greba egin, zerbitzu minimoen eraginez. Plantilla osoaren arabera neurtzen dute jarraipena, eta ez greba egiteko aukera zeukaten langileen arabera. Adibidez, gaueko txandan jarraipena % 0koa izan dela jakinarazi dute, aipatu gabe gaueko txanda gutxieneko zerbitzua dela, hau da, ezin dutela grebarik egin.
Elkarrizketa eta negoziazioa berreskuratzeko deia egin diote Osasun Sailari LAB, ELA, SATSE, SME, CCOO eta UGT sindikatuek, “berehalako irtenbideak martxan jartzeko” helburuarekin. Negoziaziorako bidea hartu ezean, “mobilizazioekin jarraituko” dutela esan dute.
Hala Bedi babestu nahi duzu?
Hala Bedin proiektu komunikatibo libre, komunitario eta eraldatzailea eraikitzen ari gara. Egunero, ehundaka gara proiektuan parte hartzen dugun pertsonak, eragiten digun errealitatea behatuz eta hura eraldatzen saiatuz, herri mugimenduekin batera.
Gure edukiak libreak dira, inork ez digulako agintzen zer argitaratu dezakegun eta zer ez. Eta eduki hauek dohainik eta modu libre batean zabaltzen ditugu, hedapena, elkarbanatzea eta eraldaketa helburu.
Halabelarririk gabe, Hala Bedi ekonomikoki sostengatzen duten bazkiderik gabe, hau ez litzateke posible izango. Egin zaitez halabelarri eta babestu Hala Bedi!